Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso dute 47 establezimenduk

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 28a, 11:33
Irungo Ficoban egin zen ekitaldia, astelehenean. Irudian, parte hartu zuten eskualdeko ordezkariak.

Euskadi Gastronomika Sarea osatzen duten enpresek jaso dute aitorpena; Tolosaldeko kultura gastronomikoa zaindu eta sustatzen jarraitzeko indarra ematen duela adierazi dute.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailak antolatutako Euskadi Gastronomika Sarea osatzen duten enpresen aitorpen-ekitaldian parte hartu dute Tolosaldeko gastronomia klubeko parte diren hainbat eragilek.

Euskadi Gastronomikaren balioen gutunarekin bat egin dute eragile horiek, eta horiek beraien lan ildoetan txertatu dituzte. Zortzi baliok osatzen duten gutuna: Batetik, kultura gastronomikoa ulertzeko modu propioa izatea. Hurbileko produktuak eta tradizio gastronomikoa aurkeztea Euskal Herriaren nortasun kulturala zainduz. Bestetik, sarean lan egitea. Euskal Herria helmuga gastronomiko gisa garatzeko konpromisoa hartuz, beste enpresa batzuekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin elkarlanean arituz.

Bisitariak etxeko sentiaraztea ere balioetako bat da. Arreta profesional eta pertsonalizatua, giro erakargarri eta abegikor bat sortuz turista bertako gastronomian murgiltzeko. Bestetik, egiten dutena mundu zabalera komunikatzea ere nabarmentzen dute, hau da, informazioa digitalizatzea, eguneratua mantentzea eta bezeroen iritziak entzunez online modu aktiboan kudeatzea. 
Kalitea eta berritasuna bermatzea litzateke beste balioetako bat. Horren baitan legoke, etengabeko formakuntza erraztea eta sustatzea, kalitate turistikoarekin konpromisoa hartzea eta esperientzia gastronomiko bereizgarri bat lantzea. 
Gure lurra, itsasoa eta animaliak zaintzea ere balioen artean dute. Ingurune naturala babestu eta mantenduz, sasoiko produktuen aldeko apustua eginez, lurraldearen tokiko garapenaren aldeko apustu irmoa eginez. Azkenik, eskaintza inklusibo eta eskuragarria izatea eta bertako turismoaren kode etikoaren helburuekin bat egitearekin ere bat egiten dute. 

Sarea zabaltzen

Horrekin, Tolosaldean 2012.urtean martxan jarri zen gastronomia turismoa garatzeko planak beste pauso bat ematen duela adierazi dute Tolosaldea Garatzenetik. Hasieratik gastronomia turismoak Tolosaldearen turismo garapen jasangarrian zuen garrantzia ikusirik sarea zabaltzen joan da eta gaur 47 establezimenduk parte hartzen dute eskualdeko turismo gastronomikoa sustatzeko klubean.

Horiek, beraz, Euskadi Gastronomikaren balioen gutunera batu dira. Tolosaldeko taldean hainbat ekoizle dira beraien ekoizpen proiektuetara bisitak egiten dituztenak, ekoizle gisa beste aktibitate ekonomiko gehigarri bat sortu eta bide batez, bisitak beraien produktua eta egiteko modua balorean jartzeko aukera ezin hobea direla jakitun. Hala nola, Urdapilleta Euskal txerrien eratorrien ekoizlea, Hika eta Inazio Urruzola txakolin upategiak, Balerdipeko erleak ezti eta erlauntzatik eratorritako produktu ekoizleak, Goine, Mahala eta Larreta esneki ekoizleak eta Tolosako babarruna elkartea dira partaide. 

Horrez gain, sagardo ekoizle diren eskualdeko sagardotegi guztiek parte hartzen dute, Tolosako Isastegi eta Eguzkitza, Adunako Zabala eta Aburuza, Asteasuko Sarasola eta Lizartzako Goikoetxea, eta sagastien paisaia balorean jartzeko hainbat ekimen ere jarri dira martxan azken urteetan. Aldi berean, Tolosako azokak ere protagonismo berezia hartzen du proiektuan, izan ere larunbatetako plan gastronomiko «erakargarriena» izan ohi da azokara bisita. Gida batekin azoka bisitatzeko aukera ematen da ekoizle ezberdinekin hitz egiteko aukera eskainiz eta norberak bere erara bisitatzera ere gonbidatzen dira bisitariak, erosketa zorroa bertako produktuz bete dezaten. 

Bisitariari begira, kutixiak erosteko edo eskuratzeko beste gune ezberdin batzuk ere barnebiltzen ditu taldeak, hala nola, Eceiza gozotegia, «bere Tolosako teila eta zigarrotxo ezagunekin» eta Rafa Gorrotxategi, «bere txokolate eta Euskal Herria eta Txokolatearen historia kontatzen duen museoarekin». Proiektuaren parte dira, baita ere, Barriola harategia, «txistorra berezi eta eskaintzen dituen hainbat produktu berezirekin» eta Garia okindegia, «kalitatezko ama orez egindako ogi eta opilekin». 

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailetik azpimarratu dutenez, «gure kultura gastronomikoa, eltze eta parriletan goxatua, mahaian eta barran zerbitzatzen duten enpresen artean, asko dira turismo gastronomikoa sustatzeko lanean ari direnak Tolosaldean». Alkiza, Altzo, Hernialde, Orexa eta Larraulgo (Zirta) ostatuak azpimarratu dituzte. Baita, Ama, Bailara, Bertakoteka, Bide bide, Bistró IHJ, Botarri, Hika by Roberto Ruiz, IU, Iriarte, Iturri ondo, Larraitz gain, Fronton, Ikatza, Karela, Orbela, Txumitxa eta Xare jatetxe eta tabernak ere, eta Burruntzi, Casa Julian eta Nicolas erretegiak. 

Bada, eskualdetik «talde eder bat» joan zen astelehenean Irungo Ficoban egin zen ekitaldira, «pozgarria baita urte luzez egindako lanaren aitortza jaso eta sarea ehuntzen jarraitzeko espazioak sortzea. Bide batez Tolosaldeko kultura gastronomikoa zaindu, ikertu eta kontatzeko aitzakia ematen digun lan ildo honek bide luzea izan dezan indarrak hartzeko ere balio izan zuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!