Jaka, Altuna III.a eta Artola binakakoaren finalerdietan ariko dira

Ataria 2024ko otsailaren 27a

Artola eta Peña II.a, binakakoan. BAIKO PILOTA

Larunbatean Jaka-Mariezkurrena II eta Artola-Imaz ariko dira lehian, eta igandean Altuna III-Martija eta P. Etxeberria-Zabaleta.

Binakako Pilota Txapelketa bere azken fasean sartuko da asteburuan, finalerdien hasierarekin. Play-offetako asteburua igaro ondoren, eskualdeko hiru pilotari ariko dira finalerdietako ligaxkan: Jaka eta bere atzelari Mariezkurrena II.a, Altuna III.a eta bere atzelari Martija, eta Artola eta bere atzelari Imaz; laugarren bikotea Peio Etxeberria eta Zabaleta izango dira.

Play-offetako asteburua oso mugitua izan da, eta eskualdeko pilotariak lehia bizian izan dira. Ostegunean Altuna III-Martija bikoak lortu zuen finalerdietarako txartela, gastroenteritisa zuen Artolaren ordez aritu zen Urrutikoetxea eta Imazen aurka 11-22 irabazita, Beotibarren. Ostiralean Peña II.ak eta Albisuk beren partida irabazi zuten, eta igandean jokatu ahal izan zuten finalerdietarako jokoan zegoen azken txartela Artola eta Imazen aurka. Tentsio handiko partida izan zen, eta Peña II.a eta Albisu 9-1 eta 18-10 irabazten joan baziren ere, akats asko egin eta azkenean Artolak eta Imazek 22-20 irabazi zuten.

Finalerdietako ligaxkaren lehen jardunaldiko partidak asteburuan jokatuko dira. Larunbatean, Jaka eta Mariezkurrena II.a bikoa eta Artola eta Imaz bikoa elkarren aurka ariko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan. Igandean, Altuna III.a eta Martija bikoak aurkari izango dituzte Peio Etxeberria eta Zabaleta Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

SERIE B TXAPELKETA

Promozio mailako txapelketan ere play-offak jokatu dira asteburuan, eta Ugartemendia alkizarrak eta bere aurrelari Zubizarreta III.ak ezin izan dute finalerdietarako txartela lortu, 22-15 galdu ondoren De la Fuente eta Bikuñaren aurka.

Finalerdiak asteburuan hasiko dira, eta bertan izango dira Iztueta tolosarra eta bere aurrelari Agirre. Ostiralean jokatuko dute Larrazabal-Eskiroz bikoaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!