300 familia behar dira haur sahararrak udan hartzeko

Ataria 2024ko ots. 27a, 07:57

Oporrak Bakean programaren aurkezpena egin dute ekimenean parte hartzen duten erakunde eta elkarteetako ordezkariek.

Oporrak Bakean programak saharar gaztetxoengan dituen onurak azaldu dituzte, eta herritar oro animatu dute «abenturan» parte hartzera.

Uda bateko besarkada lelopean udan haur sahararrak euskal familietan hartzeko Oporrak Bakean programa martxan jarri dute.  Hain zuzen, 300 familia lortzeko erronka jarri dute.

Mohamed Fadel Mojtarrek, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, haur sahararrak udan hartzeko programaren testuingurua azaldu du, baita programa horrek errefuxiatuen osasunerako duen garrantzia ere. Horrez gain, sahararrak Marokoko erregimenak okupatutako lurraldean, errefuxiatuen kanpamentuetan eta diasporan sakabanatuta egotera behartzen dituen Mendebaldeko Saharako gatazka eta egoera ezagutarazteko ere balio duela adierazi du.

Errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen menpe daude. Munduko Medikuak erakundearen arabera, ohiko osasun-arazoez gain, hiru haur sahararretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Horrek Oporrak Bakean programa arnasgune bilakatzen du, bai parte hartzen duten adingabeentzat, bai haien familientzat, zeinekin oso harreman estuak sortzen diren.

Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak Elkarteko kideak argitu du 30 bat elkarteren eta erakunde publiko ugariren artean kudeatzen dela Oporrak Bakean programa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azaldu duenez, pandemia garaian bi urtez geldirik egon ondoren, oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea (153 parte-hartzaile 2022an eta 183 2023an). Uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukera eskaini nahi diete, beraz familia kopuru bera beharko da, edo aterpetxeetan hartzeko baliabide nahikoak eskuratzea. «Ez da erraza Oporrak Bakean ekimena aurrera eramatea, izan ere, Saharako, Aljeriako eta Espainiako gobernuek, autonomia erkidegoek eta foru eta udal erakundeek esku hartzen dute, gizarte zerbitzuetako eta lankidetzako sailen bitartez. Konplexutasunez betetako engranajea da, pertsona askoren bultzada eta borondate onik gabe bideratuko ez litzatekeena», azaldu du Etxeberriak.

Estibaliz Barriok norbere familia propioan haur saharar bati harrera egitea «sekulako abentura» dela adierazi du. «Udako bi hilabete horietan zailtasunak, beldurrak eta pasadizoak izaten dira, baina, batez ere, familiarentzat, haurrarentzat eta haien senideentzat esperientzia pertsonal handia izaten da». Gaztetxoak gurera etortzen direnean medikura bisitak izaten dituzte, eta horrekin batera, hondartzara edo igerilekura joaten dira, herrietan harrera jaialdiak egiten dituzte, eta bestelako hamaika jarduera izaten dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!