Harrera egokirako gakoak

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 26a, 11:58

Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun sailak eskualdeko harrera protokoloa diseinatzeko prozesua abiatu du; apirilerako amaituta edukitzea aurreikusi dute.

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa.

Tolosaldeko harrera protokoloa diseinatzeko prozesua aurkeztu dute urtea hastearekin batera Tolosan, Lehiberri zentroan. Prozesua Tolosaldea Garatzen Tolosaldeko garapen agentziako Migrazio eta Aniztasun Sailak jarri du martxan, eta Eusko Jaurlaritzako Biltzen gizarteratze eta kulturarteko bitartekaritzaren euskal zerbitzuaren laguntzarekin egingo dute. Protokoloaren diseinuan eskualdeko hainbat eragilek hartuko dute parte, eta bost lan saio programatu dituzte. Urteko lehen seihilekoan dokumentua prest edukitzea aurreikusi dute.

Amaia Iturri Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun teknikariak azaldu duenez, protokolo markoak hiru helburu izango ditu: harrera eta horrekin lotutako beste kontzeptu batzuk zer diren adostea; «harrera horren gaineko erantzukizun publikoa zein den identifikatu eta atzerritar jatorriko pertsonei eskainiko zaien harrera eredua zehaztea»; eta atzerritar jatorriko pertsona iritsi berriei eskainiko dizkieten tokian tokiko zerbitzu eta prestazioak ordenatzea.

Protokoloa diseinatzeko talde eragile bat osatu dute Tolosaldea Garatzen agentziako Administrazio Kontseiluko udal ordezkariek, hainbat udaletan lanean diharduten teknikariek eta gizarte eragileetako ordezkariek. «Udaletako ordezkari politiko eta departamendu ezberdinetan aritzen diren teknikarien zein gizarte eragileetako kideen partaidetzarekin, ikuspegi integralagoa lortu ahal izango dugu», esan du Iturrik. Ixiar Carabelos Tolosako Udaleko Berdintasun teknikariak ere protokoloa diseinatzeko talde eragilean parte hartzen du, eta, azaldu duenez, genero ikuspegia tokiko politika publikoetan lan lerro gisa txertatzea da udal teknikariaren egitekoa, «betiere genero ikuspegia bermatzen dela ziurtatzeko eta, aldi berean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko eta egungo errealitatea eraldatzeko behar diren esku hartzeak diseinatzeko».

«Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala duen akonpainamendua eskaintzea funtsezkoa da».
IXIAR CARABELOS Tolosako Udaleko Berdintasun teknikaria

Hogei lagunek hartzen dute parte protokoloa diseinatzeko talde eragilean. Horien artean daude gizarte eragileak ere: UEMA, Galtzaundi, Zutani, Peñascal kooperatiba, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Divinas elkartea, Jatorkin, Boolo Senegal, Ereite eta SOS Arrazakeria. Tolosaldeko Asanblada Feministak garbi zeukan prozesuan parte hartu behar zuela, eta Ana Sanz aritzen da talde eragilean asanbladaren izenean. «Begirada feminista txertatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Emakume migratuek dituzten beharrak berezituak dira. Gizonezkoen aldean ibilbide diferentea daukate, karga ezberdinak dituzte, baita migrazio proiektu ezberdinak ere. Uste dut ezinbestekoa dela berezitasun horiek kontuan hartzea».

Bat dator Carabelos: «Migrazio prozesuak askotarikoak dira, eta sortzen diren beharrak ere bai. Informazioa zentralizatuko duen, eta genero eta giza eskubideen ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala duen akonpainamendua eskaintzea funtsezkoa da herritar migratuek beraien egoera ahalik eta modu egokienean normaliza dezaten. Informazioak aske eta berdin egiten gaitu». Eskubide kontua dela nabarmendu du Sanzek, eta nabarmendu beste edozein hiritarrek bezala informaziorako eta baliabideetarako sarbidea izateko eskubidea dutela etorkinek ere.

«Emakume migratuek dituzten beharrak berezituak dira. Gizonezkoen aldean ibilbide diferentea daukate, karga eta migrazio proiektu ezberdinak dituzte».
ANA SANZ Tolosaldeko Asanblada Feministako kidea

Apirilera arte, protokoloaren markoak adostuko dituzte. Iturrik zehaztu duenez, uda baino lehen dokumentu batean zehaztuta geratuko da protokoloa: «Aurrerago ikusiko dugu bertan jasotakoa nola egokitu herrietara».

Bien bitartean datozen asteetan egingo dituzten lan saioetan harrera ereduan sakonduko dute eta aniztasun kulturalaren kudeaketaz arituko dira. Esaterako, beste udalerrietako esperientziak ezagutuko dituzte, eta harrera sozialaren eremuan, enpleguan edota hezkuntza arloan lantzeko dinamikak zehaztuko dituzte.

´Gazteak ongi etorri!’ programa martxan

Tolosaldeko herri edo ikastetxe batera iritsi diren 6 eta 12 urte arteko haur eta gazteei harrera ona egiteko egitasmoa dute martxan duela hamar urtetik Tolosaldea Garatzen agentzian; azken bi urteetan heldu direnei zuzendua dago. Tolosako kultur etxeko Topagunean eta Villabonako Gaztelekuan elkartzen dira astero.

Elkarren artean jolastu, eta beste haur eta gazte batzuk ezagutzeko aukera izaten dute. Ongi pasatzea da helburua, eta, era berean, haien «nortasuna errespetatzea eta euskal kulturara gerturatzea». Euskara hizkuntza bizia dela azaltzen diete etorri berriei: garrantzizkoa dela, eta komunikaziorako eta gizarte harremanetarako tresna dela, alegia. Informazio gehiago lortu edo izena eman nahi duena Tolosaldea Garatzen-en webgunean sar daiteke, migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatzi, edo 646 05 70 80 telefonora deitu.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!