Jokin Altuna finalerdietan izango da, Artolak igandera arte itxaron beharko du

Ataria 2024ko ots. 22a, 19:26

Altuna III-Martijak 22-11 irabazi diote Urrutikoetxea-Imaz bikoteari, binakako txapelketako kanporaketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Iñaki Artola jokatzekoa zen lehia erabakigarria, baina gastroenteritisarekin etxean gelditu behar izan du alegiarrak.

Galdu arren, oraindik finalerdietara sailkatzeko aukera daukate Iñaki Artolak eta Ander Imazek. Igandean jokatuko dute hil ala biziko partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Aurkariak zeintzuk izango diren bihar jakingo da, Zornotzan jokatuko den kanporaketan. Bertan eskualdeko beste ordezkari bat egongo da, Jon Ander Peña. Tolosarrak Albisurekin osatuko du bikotea, eta aurrean Elordi-Rezusta izango dituzte. Partida honetako galtzaileek txapelketari agur esango diote, eta irabazleek igandeko partida erabakigarria jokatu beharko dute.

Tolosako Beotibar beteta

Pilotazaleak ez du hutsik egin gaur arratsaldean. Beotibar lepo bete dute. Hiru partidaz osaturiko jaialdiak osagai garrantzitsuak zituen, nahiz eta Artolaren hutsuneak amezketarren eta alegiarren arteko giroa pixka bat hoztu.

Pilotariek sari handia zuten jokoan. Irabazleek finalerdietarako ligaxkarako txartela lortuko zuten. Hiru aste kantxetatik kanpo egon ondoren, Jokin Altunaren inguruan bazen kezka. Nola itzuliko ote zen, edo. Edo esan beharko da zalantza guztiak lehen tantoetan uxatu baititu amezketarrak. Txisparekin eta partida hasieratik puskatzeko gogoz atera da Altuna III.a. Eta ia lortu du, 11-3 jarri baitira aurretik urdinak. 

Gorrien erreakzioa orduan etorri da, eta markagailua latz estutu dute, 9-11ra hurbilduz. Martija urduri xamar ikusten zen une horretan, hainbat hutsegiteren ondorioz. Altuna ere lekuz kanpo jokatzen hasi da, atzelariari lagundu nahian. Urrutikoetxeak bikain probestu du aukera eta tanto politak burutu ditu Artolaren ordezkoak.

Lehen atsedenaldi luzearen ondoren, eta batez ere gakoa izan den urdinen 14 tanto luze, borrokatu eta dotorearen ondoren, partida erabat puskatu da. Amaieran, 22-11 erakusten zuen markagailuak.

Jokin Altunak 12 tanto egin ditu, hutsegiteak bi. Martijak, aldiz, lau kale eta egindako batekin amaitu du partida. Gorrien kasuan, Urrutikoetxeak 4 tanto eta hutsegite bat egin ditu. Imazek, aldiz, tanto bat egin eta zortzi galdu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!