Babestutako edukia

Kixkurgune ireki dute: etxeko eta betiko janaria, Txindoki azpian

Ataria 2024ko ots. 22a, 10:00

MaeRose Palma eta Diuvel Alvarez, Kixkurguneko maizter berriak.

Zaldibiako Goizane eraikinean dagoen Kixkurgune taberna-jatetxeak gaur ireki ditu ateak; tokiko produktuekin egindako gastronomia tradizionala izango du ardatz.

Kixkurgune zabalik dago. Zaldibiako Goizane eraikineko taberna-jatetxeak gaur ireki ditu ateak, lau urtez itxita egon ostean. Astelehen, astearte, ostegun eta igandeetan 09:00etatik 17:00etara egongo da zabalik eta ostiral eta larunbatetan, 09:00etatik 00:00etara. Astegunetan eguneko menuak emango dituzte eta asteburuetan, karta eta afariak.
Euskal Herriko gastronomia tradizionala du Kixkurgunek ardatz. Horretarako, 0 KMko produktuak erabiliko dituzte: Eusko Label eta Reyno Gourmet zigiludunak, Idiazabal Jatorri Izendapenaren eta Artzain Gazta markaren barruko Mendiko Gaztak... Kalitatea izango da negozio berriaren bereizgarri nagusia.

Baita taberna zerbitzua ere
Halere, ez da jatordu gozo eta oparoak egiteko espazioa bakarrik izango. Taberna zerbitzua ere eskainiko dute, pintxo aukera zabala eta guzti, inguruko herritarrentzat, bisitarientzat eta Aralarko parke naturalean kirola egin eta indarberritu nahi dutenentzat: txirrindulariak, mendizaleak, familiak... Kixkurgune Zaldibiako Olaeta auzoan dago, Goizane eraikinean, Larraitzera bidean, Txindokiren oinean, Aralar Natura Parkearen atarian. Espazioa berritu egin dute irekierarako: irisgarriagoa eta argiagoa da orain. Etxe-giroa ere handiagoa da.

Denda
Bertan dastatu daitezkeen produktuetako batzuk erosi ere egin ahalko dira. Garai bateko Kixkurguneren salmentarako izaera mantenduz, bertako produktuen ekoizleen denda gisa ere funtzionatuko du. Goizane eraikineko bulegoen eta bilera gelen eskaintza ere zabalik dago. Nekazari, herritar, elkarte, turismo ekimen, nahiz edozein eratako enpresen eskura dagoen eraikina da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!