Finalerdietan izateko txartela jokoan, Beotibarren

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 19a, 19:58
IƱaki Artola binakako txapelketako partida batean, Beotibarren.

Binakako Pilota Txapelketan, Altuna III-Martija eta Artola-Imaz ostegunean lehiatuko dira Tolosan. Finalerdietako ligaxka jokatzeko txartela dago jokoan.

Binakako Pilota Txapelketan hamalaugarren jardunaldia jokatu da asteburuan, eta beraz, play-offetako partidak jokatuko dira asteburu honetan, ostegunetik hasita. Altuna III eta Martija hirugarren postuan geratu dira eta azkenean sailkapen ligaxkan laugarren egin duten Artola eta Imaz izango dituzte aurkari. Etzi jokatuko da partida, 17:00etan hasiko den jaialdiko bigarrena, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irabazten duenak finalerdietako ligaxka jokatzeko txartela lortuko du, eta dagoeneko sailkatuta dauden Jaka-Mariezkurrena II eta P. Etxeberria-Zabaleta bikoei batuko zaie. 

Beotibarren galtzen duenak, ordea, beste aukera bat izango du finalerdietara igarotzeko. Izan ere, ostiralean sailkapenean bosgarren eta seigarren geratu diren bikoteen arteko partida jokatuko da, Zornotzan. Peña II.ak jokatuko du partida hori, Albisurekin batera, eta aurkariak Elordi eta Rezusta izango dira. Neurketa hori irabazten duenak igandean jokatuko du Beotibarko galtzaileen aurka. Bizkaia frontoian izango da partida hori, eta irabazleak izango dira finalerdietako ligaxkako laugarren eta azken txartela lortuko dutenak. 

Oraingoz, beraz, ziurrak dira eskualdeko bi pilotari finalerdietan. Horietako bat Jaka da eta bestea Beotibarko partidako bikote irabazlearen kidea. Aukera izan daiteke eskualdeko hiru pilotari izatea finalerdietan.  

Serie B Txapelketa
Promozio mailako txapelketan ere eskualdeko pilotariek protagonismoa dute. Dagoeneko Iztueta tolosarra sailkatuta dago Agirre aurrelariarekin batera finalerdietako ligaxka jokatzeko, lehen postua lortu baitute sailkapen ligaxkan.

Ugartemendia alkizarra Zubizarreta III.a aurrelariarekin batera laugarren postuan geratu dira, eta bosgarren geratu diren De la Fuente eta Bikuñaren aurka jokatuko dute play-offa larunbatean, Larraintzarren. Bikote irabazleak finalerdietako ligaxka jokatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!