Lauburu Ibarrak irabazi du emozio handiko derbia

Imanol Garcia Landa 2024ko ots. 17a, 21:42

Lauburu Ibarra 7-6 gailendu da Laskorainen aurka, azken minutuan markagailua irauli ondoren.

Oso bizia izan da 2. B mailako areto futboleko derbia. Batez ere bigarren zatia, eta partidaren bukaera bereziki. Lauburu Ibarrak hiru puntu lortu ditu etxean, Belabieta kiroldegian, azken minutuan garaipeneko gola lortuz. Laskoraingo jokalariak pena handiarekin bukatu dute, eta haserre epaileekin, azken txanpan falta adierazi dituzten jokaldi batzuengatik.

Lehen zatian Laskorain gailendu da, atsedenaldira 1-4ko markagailuarekin joanez. Ibarrakoak aurreratu dira, baina defentsan ez dira ondo aritu eta lau gol jaso dituzte, bigarrena eta hirugarrena oso segidan. Espero zen Lauburukoek ahalegina egingo zutela markagailua iraultzeko, eta horrela izan da. Hiru gol sartu dituzte, markagailua launakoan jarriz. Tolosako taldea ez da kikildu, eta erasoan bere aukerak baliatu eta bi gol sartu ondoren, 4-6kora iritsi dira. 3.45 falta zen partida bukatzeko, eta garaipena eskura zutela ikusi dute Laskoraingoek.

Lauburu Ibarrak ez du etsi eta atezain-jokalariarekin aritu dira. Hain justu, areaz kanpo egindako jaurtiketa batekin 5-6koa lortu dute segituan, 3.30 falta zela. Dena ematera joan dira ibartarrak, eta Laskoraingoei zenbait falta adierazi ondoren, bosgarrena egin eta penalti bikoitza sartu du Lauburu Ibarrak. Berdinketa 43 segundo falta zirela. Emozio handiz, eta Belabietako harmaila estutzen ari zela, Lauburuk zazpigarren gola sartu ahal izan du 8,9 segundo falta zirenean partida amaitzeko. Zoramena Belabietan, eta etsipena Laskoraingo taldearentzat.

Mikel Diestro Lauburu Ibarrako entrenatzaileak lehen zatia «oso txarra» egin dutela esan du: «Lehia indibidual guztietan irabazi egin gaituzte, eta atsedenaldira iritsitako markagailua justua izan da. Onena izan da bigarren zatian aukera izan dugula partidari buelta emateko». Halere, ez zegoen pozik lehen zatian egindakoarekin: «Ezin dugu pentsatu igoera fasean lehiatzea 20 minututan zehar ez badugu jartzen beharrezkoa dena. Ezin ditugu partidak galdu aurkaria baino gutxiago korrika egiten dugulako». Hiru puntuak etxean gelditzeagatik «oso gustura» dagoela esan du, «1-4ko markagailuari buelta ematea lortuz». Gakoa Raul jokalariak izan duen jarrera izan dela esan du Diestrok: «Bere mentalitateak ahalbidetu digu markagailuari buelta ematea».

Eñaut Gil Lauburu Ibarrako jokalaria, bere aldetik, partida bizia izango zela jakitun zen: «Derbiak beti oso lehiatuak izan dira, eta gaurkoan beste behin ikusi da partida hauek ez direla erraz irabazten. Laskorainek sailkapenean gorago egotea merezi du, eta inguruko talde batek, sendoa eta salbatzeko aukerak dituena, ez dela ari emaitza onak lortzen pena ematen du». Lehenengo zatia ez dela ona izan gaineratu du, baina bigarrengoan bosteko jokoarekin eta zaletuen indarrarekin buelta ematea lortu dutela. «Alde positiboa garaipena da, baina alde negatiboa egin dugun lehen zatia», zehaztu du Gilek, eta igoera fasean egoteko helburuarentzako hiru puntu garrantzitsu izan direla gaineratu du.

Ibai Valverde Laskoraingo entrenatzaileak azaldu duenez, «oso ondo atera gara, eta normalean baino beherago defenditu dugu, eta baloia lapurtzerakoan trantsizio onak egin ditugu. Geldikako jokaldietan ere eraginkorrak izan gara eta atsedenaldira 1-4ko abantailarekin joateko». Bigarren zatian aurkariek berdindu arren, berriro ere aurretik jarri direla ekarri du gogoan, baina ez dela nahikoa izan: «Denboraldia gogorra izaten ari da. Gaur ikusi dena izan da denboraldian gertatzen ari denaren erakusle. Bitik edo hirutik irabazten jarri eta azkeneko segundotan berdinketa edo porrota. Batzuek epaileei leporatuko diote; ez da nire estiloa, nik barne hausnarketa egingo dut. Lehenengo ni naiz zerbait ukitu behar dudana, eta gero jokalariak». Azken bigarren doa sailkapenean Laskorain, baina Valverdek datozen bi partidetan hiru puntuak lortzeko esperantza du: «Astero nago ilusioz puntuak hirunaka gehituko ditugula eta gora egingo dugula sailkapenean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!