Erasunek finalerdietarako txartela lortu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 16a, 17:30
Itxaso Erasun zizurkildarra, eskuinean, Galdamesen.

Arrizabalagarekin batera, zizurkildarrak 22-5 irabazi dio Arraiza-Arrillaga bikoari binakako Laboral Kutxa Masterrean.

Binakako Laboral Kutxa Masterrak ezagutzen ditu dagoeneko finalerdietan arituko diren lehen bi bikoteak, Galdamesen jokatu den jaialdi interesgarriaren ondoren. Aldai-Bergarak eta Arrizabalaga-Itxaso Erasunek txartelak euren esku zituztela heldu dira Enkarterrira eta ez dute hutsik egin, nahiz eta lehenengoei dezente gehiago kostatu zaien aurrera egitea. Garaipen hauekin, bi bikoteek lehen postuan amaituko dute euren multzoa, jokatutako bi partidak irabazita. 

Eliteen lehen partidan, Aldai-Bergarak asko sufritu eta lan egin behar izan dute Uriarte-Capellanen aurka (22-19). Partida oso lehiatua izan da, eta Alaia Uriartek bikain defendatu du bere burua egungo banakako txapeldunaren erasoen aurrean, azken aldian ikaragarri hazten ari dela berretsiz. Hala ere, azkenean garaipena faboritoen aldera erori da. 

Maila goreneko bigarren dema lehenengoaren antipodetan egon da eta Arrizabalaga-Erasunek uste baino errazago lortu dute garaipena (22-5). Gernikarrak asko jokatu du eta Arraiza ez da gai izan gainera erori zaion zaparradari aurre egiteko. Gainera, Arrizabalagak Erasun oso seguru bat izan du atzean, hutsik egin ez duena eta berme osoa eskaini diona. Baldintza horietan, oso partida erosoa izan dute.

Irabazteko premia handia izango da Idiazabalen igande honetan

Binakako Laboral Kutxa Master txapelketa sartua da bere lehen faseko azken txanpan eta finalerdietan izango diren bikoteen izenak jakiteko oso argigarria izango da igande honetan, 12:00etan hasita, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatuko den jaialdia. Lehen bi multzoetako partidak jokatuta, hirugarrena osatzea falta da, baina A eta B taldeetako pilotariek ere gertutik jarraituko dituzte geratzen diren bi jardunaldiak, kontuan izan behar baita talde bakoitzeko lehen sailkatuez harago, talde guztietako bigarren onenek ere lortuko dutela finalerdietarako txartela. Eliteko partidaz gain, pilota mistoko gazte eta promesa mailako kanporaketa bana jokatuko da Goierriko bihotzean kokatutako pilotaleku dotorean eta hortaz, eskaintza paregabea izango da igande goiz eder batez gozatzeko. 

Elite mailako partidan Miren Larrarte bidaniarrak parte hartuko du. Bergararekin batera, Garai-Oses bikoaren aurka ariko da, eta bi bikoteek irabazteko premia larria izango dute aurrera egin nahi badute. Garai-Osesek 22-10 galdu zuten Etxegarai-Gaminderen aurka Usansolon eta puntuaz gain, emaitza on bat ere behar dute aurrera egiteko aukerak izate aldera. Larrarte-Bergararentzat, ordea, Idiazabalgoa izango da txapelketako euren lehen partida eta azken jardunaldira aukerekin heltzeko ere puntuak batzen hastea komeni. 

Emozioa puri-purian dagoela, emakumezkoen esku pilotaz gozatzeko aukera polita igande honetakoa Idiazabalen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!