Kutxazainak jartzeko diru laguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Ataria 2024ko otsailaren 15a

Iturria: Irekia

Landa eremuan kutxazainak jartzeko laguntzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzak 52 udalerriri eta horietako 8 eskualdekoak dira; Aduna, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Irura eta Zizurkil.

Eusko Jaurlaritzak kutxazain automatikoak instalatzeko laguntza lerro bat onartu du. Horretarako, datorren martxoan lizitazio bat irekiko du udalerri bakoitzean zerbitzu horren diru laguntza esleitzeko. Gipuzkoan 22 udalerri lagunduko dituzte diruz eta horietako 8 eskualdean daude; Aduna, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Irura eta Zizurkil. 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ekimen hau aurreratu zien finantza erakundeei iaz, biztanleriaren bizi baldintzak hobetzeko. «Helburua da benetako finantza-inklusio baten alde lan egitea, landa eremuen garapen ekonomikoan laguntzeko. Izan ere, bankuetako zerbitzuak ematen dituzten erakundeen presentziak aurrezkia, familien inbertsioa eta enpresa-proiektuen garapena sustatzen du, eta horrek, aldi berean, eremu osoaren aurrerapen ekonomikoari laguntzen dio», nabarmendu du Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallek, gaur Arabako Navaridas herrian egindako ekitaldian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!