Amarotz eta Txarama arteko bidegorriko argiztapena, martxan

Ataria 2024ko otsailaren 15a

Tolosako Udalak amaitu ditu Amarotz eta Txarama auzoen arteko bidegorrian argiteria publikoa jartzeko lanak. Bestalde, Anoetara bidean dagoen bidegorriko zati batean hondatu den argiteria konpontzeko eskaera luzatu dio Aldundiari.

Tolosako Udalak azaroa amaieran ekin zion Amarotz eta Txarama auzoen arteko bidegorrian argiteria publikoa jartzeko lanei, inguru horretako ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Lanak zortzi asteko epean egitea aurreikusten zuten eta jada amaitu dituzte; dagoeneko, beraz, martxan da eremu horretako argiztapena. «Mugikortasun jasangarria sustatzeko, eremu horretako ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan da lanen helburua», adierazi dute udaletik.

Bestalde, Anoetara bidean dagoen bidegorriaren zati batean argiteria hondatu dela jakinarazi du udalak. «Eremu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa da, eta dagoeneko abisua pasa diogu, konponketa egiteko eskaera luzatzearekin batera».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!