Lur sailen ureztatzea optimizatzeko sistema aurkeztu dute Anoetan

Ataria 2024ko ots. 6a, 17:02

Ura optimizatu eta produkzioa hobetzeko egitasmoa aurkeztu dute Zubigune eta Asmoz fundazioek; lur sailak monitorizatuko dituzte, horretarako sentsoreak erabilita.

Zubigune fundazioak eta Asmoz fundazioak Smart Farming. Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa proiektua aurkeztu dute Anoetako Gurdi kooperatiban. Egitasmoaren helburua Gipuzkoako lehen sektorean erabiltzen den uraren eraginkortasuna hobetzea da, baita gaiaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea ere.

Zubigune fundazioko proiektu kudeatzaile den Eider De la Cruzen esanetan, orain arte ez zaio arreta handirik jarri uraren kontsumoari eta erabilera eraginkorragoa sustatu nahian jarri dute martxan proiektua: «Eguneroko gure ureztatze praktikak zeintzuk diren aztertu eta ekoizpenak hobetzeko modua ematen du proposatzen dugun sistema honek». Hain zuzen, lehen sektorean teknologia berrien erabilera sustatzea ere bada egitasmoaren helburua.

Proiektuan parte hartzea erabakitzen duten ekoizpenetan IoT (Internet of Things) sentsoreetan oinarritutako monitorizazio sistema bat jarriko dute, ur kopurua, hezetasuna eta tenperatura neurtzeko. «Dispositibo elektroniko txikiak dira, eta horien bidez lortutako datuak, ekoizleak momentuan aukeratutako aparatu elektronikoan jasoko ditu, mugikorrean, tabletan edo ordenagailuan», esan du De la Cruzek. «Monitorizazioaren bitartez, produkzioarenganako kontrol handiagoa eta lanaren automatizazioa lortuko da kontziliazioa hobetzeko, berrikuntza sustatzeko eta erreferente izan daitezkeen ideiak bultzatzeko».

Smart Farming. Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa du eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren programaren barruan kokatuta dago. Asmoz fundazioko Nora Alvarez de Eulatek adierazi duenez, jende guztiarentzat eskuragarri jarri nahi duten teknologia da eskaintzen dutena: «Erabili duguna software libreko aplikazio bat da eta tresna guztiak irekita daude; ez dira garestiak, ezta lortzen zailak ere».

Urrira arte luzatuko da proiektua eta bultzatzaileei gustatuko litzaieke ekoizleek orain izena ematea. «Udaberriarekin batera, ekoizleek landaketa garaitik uzta bilketara arte, ureztatzearen inguruko datu bilketa egin ahal izango dute modu horretara», esan du De la Cruzek.

Teknologia hau probatzeko prest daudenei doan instalatuko zaizkie sentsoreak lur sailetan. Behin proiektua bukatuta, sistema erabilgarri egin baldin bazaie, ekoizleek sentsore hauekin geratzeko aukera izango dutela nabarmendu dute Zubigune eta Asmoz fundazioko kideek. Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago nahi dituenak, lapaolaza@asmoz.org helbidera mezua idatzi dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!