Euskal Esnekigileen Elkartea sortu dute

Ataria 2024ko ots. 5a, 12:00

Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 29 kide biltzen ditu elkarteak, eta tartean dira eskualdeko Aldabazahar, Goine, Larreta eta Mahala.

Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 29 esne ekoizle eta esne eraldatzailek sortu dute Euskal Esnekigileen Elkartea. Sektorea indartu eta gizartearen esnekiekiko interesa sustatu nahi dutela esan dute, ekoizpenari bultzada emanez eta sektoreak barne hartzen dituen askotariko produktuak gizarteratzen lagunduz. Orain arte egindako lanaren fruitua biltzeko eta etorkizunera elkarrekin begiratzeko apustu bateratua dela gaineratu dute. Tartean dira Tolosako Aldabazahar, Asteasuko Goine, Orendaingo Larreta eta Leaburu-Txaramako Mahala.

«Esnekien aberastasun hori gure lurraldean ondo errotutako sektore batetik dator: esnea ekoizten duten abeltzainengandik eta esnea eraldatzen duten esnekigileengandik. Euskal landa inguru osoan zehar ardi, behi eta ahuntz esnea ekoizten dira, eta hori eraldatuz, gazta freskoak, urdinak, laktikoak, onduak, pasta bigunak, jogurtak, esne pasteurizatua, gurinak eta abar lortzen dira», esan dute. Horrela, gaur egun elkarteak barne hartzen dituen kide horien artetik zazpik ardi-esnea ekoizten dute eta hamabostek behi-esnea eta zortzik ahuntz-esnea. Produktu hori eraldatuz, hainbat produktu egiten dituzte; 20k gazta ondua; 15ek gazta freskoa; 11k gazta urdina; 13k gazta laktikoa; 7k pasta biguneko gazta; 9k esne pasteurizatua; 2k gurina; 3k mamia; 14k jogurta; 3k izozkia; 7k, kremak; eta 1ek, gaztanbera. Esan dute guztira 105etik gora produktu ekoizten dituztela, «batzuk euren esne propioa erabilita, eta hirugarrenen esnea erosi eta eraldatuta besteek, euskal jatorrikoa betiere. Elkartearen ateak zabalik daude interesa izan dezaketen ekoizle eta eraldatzaileak batu daitezen».

Gogoratu dute bost ekoizlek sustatutako ekimenetik jaio zela elkartea 2023an, «bakoitzaren berezitasun eta izaera babestu eta, aldi berean, lehendabizikoz sektorea bilduko duen erakundea sortzeko beharrari erantzuteko». Eta gehitu dute 2024rako helburua sektorearen eta bertakoaren alde eginiko lana ezagutzera ematea dela, dibertsifikazioa ardatz eta indargune dituztelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!