ELKARRIZKETA

«Beharbada, gure kantuei esker, zauriren bat ixtea lortu dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ots. 17a, 07:59

Zauria taldeko kideak dira Xabi Ubeda eta Gorko Jimenez. ATARIA

Xabi Ubeda eta Gorka Jimenez tolosarrek Zauria taldea sortu zuten duela urte batzuk, eta iaz argitaratu zuten hamabost kantu laburrez osatutako diskoa. Amets bat egia bihurtzea lortu dutela aitortu dute.

Pandemia aurretik biltzen hasi ondoren, iaz argitaratu zuen hamabost kantu soil eta laburrez osatutako lehen diskoa Zauria musika taldeak. Izenburuak zentzu negatiboa izan badezake ere, entzuleak nahi duen bezala interpretatzea nahi dute Xabi Ubeda Baxi eta Gorka Jimenez taldeko kideek. «Ez dugu horren inguruan hausnartu oraingoz». Bikote modura aurkezten dira, baina diskoa osatzeko musikari gehiagoren laguntza izan zuten.

Zer da Zauria?

Gorka Jimenez: Niretzako adiskidetza baten soinu banda da. Urte asko behar izan ditugu hau ondu eta sortzeko. Noizean behin elkartzen eta abestiak sortzen aritu gara eta hau da emaitza.

Zenbat urte dira proiektua sortzen hasi zinetela?

Xabi Ubeda: Bost bat urte izango dira. Gero pandemia heldu zen, baita kontu pertsonalak ere, besteak beste, aitatasuna. Hortaz, luzatzen ari zen, nahiz eta guk ere ez genuen inolako presarik. Abestiak sortzen eta horiei forma ematen hasi ginen, noizbait bilduma bat osatzeko helburuarekin.

Eta hasieran bazenituzten helburu handiagoak?

Ubeda: Berez, inoiz ez dugu helburu finko bat eduki. Beharbada, bagenuen ilusioa gure kantuak disko edo binilo batean biltzeko. Futbolean bada esaldi bat topikoa bilakatu dena: «Partidaz partida goaz». Bada, gu abestiz abesti goaz. Nik gitarrarekin zirriborro batzuk eginda izaten ditut beti. Kasu honetan, ahotsaren eta gitarraren kimikak bat egiten zutela eta abesti bat sortzen genuela ikusten genuenean, beste bat egiteko gogoa eta bultzada sentitzen genuen. Horrela joan gara maketak sortzen. Zorionez ideiak behin ere ez zaizkigu falta izan.

Zergatik Zauria izena?

Jimenez: Gaur egun nork ez ditu zauriak? Denok ditugu, eta era guztietakoak. Hala ere, ez zait iruditzen taldea asmo jakin batekin izendatu genuenik. Fonetikoki, gainera, sonoritate polita duen hitza da.



Ubeda: Askotan badirudi taldearen izena talde horren manifestu txiki bat dela. Gure kasuan, «gu gara zauria!» izango litzake, baina berez, izenburuak ez dauka garrantzi berezirik. Sonoritateaz gain, esanahia ere oso gustuko dugu.

Musika esperimentala ardatz duzuela irakurri dut.

Ubeda: Ez zait iruditzen guk egiten dugun musika esperimentala denik.

Jimenez: Entzule askori gustatzea ez da esperimentala izatearen ispilu oso ona. Ingurukoei asko gustatzen zaie; oso erraz entzuten dela esan digute. Nire ustez, musika esperimentala egiten duen edonork argi izan behar du entzuleak jarrera oso irekia izango duela, eta musika zale handia izatea exijitzen duela.

Ubeda: Bakarren batek esperimentala dela esaten badu, ez daukagu arazorik, baina guretzako ez da horrela. Inolaz ere ez.

Hamabost pieza labur eta soilez osatutako diskoa argitaratu zenuten iaz. Kantu batzuen izenburuak nahiko bitxiak dira behintzat.

Ubeda: Kantuz kantu joan beharko genuke, diskoa bere horretan aztertzeko. Egia da hamabost kantuetatik seik edo zazpik izen propioa dutela. Gerora konturatu gara horretaz. Zenbait kasutan, kantu instrumentalen izenburuak izen propioak dira, baina ez daukate azalpen zehatzik.

Eta zergatik egin dituzue letrarik gabeko kantuak?

Ubeda: Besterik gabe sortu genituen. Interludio modura ere funtzionatu dezakete diskoan bertan. Abestutako abestien bloke bat eta gero, minutu inguruko paisaia instrumental txiki bat entzuteak aire berri bat ematen dio entzuleari. Ez genuen nahi kantu guztiak abestuak izatea; jolastu egin nahi genuen.

Zein helbururekin egin duzue diskoa?

Jimenez: Amets bat egia bihurtzea lortu dugu. Betidanik izan gara musika zaleak eta betidanik eduki dugu elkarrekin disko bat egiteko ilusioa. Gauza gutxirekin zerbait duina egin dugula iruditzen zait, nahiz eta duina hitz oso labainkorra izan.

Norbaiti zauria egiteko edo ixteko egin duzue?

Jimenez: Beharbada, gure kantuei esker zauriren bat ixtea lortu dugu.

Norentzako moduko diskoa da?

Ubeda: Oro har, edozein musika zalerentzako, baina agian, zehazki, estilo jakin bat gustatzen zaionarentzako ez.

Lasai gaudenean edo lasaitu nahi dugunean entzuteko modukoa iruditzen zait.

Ubeda: Hala bada, ongi etorria izan dadila.

Jimenez: Nik lagun batek esandakoari helduko nioke. Diskoa entzun ondoren, sakona eta lasaigarria zela esan zidan. Niretzako badu zentzua horrek.

Ubeda: Niri, hala ere, zaila zait esatea, sortzaileen lekutik ari garelako guk sortutakoaz hitz egiten.

Sorkuntzaz ari zarela, nolakoa izan da ideia garatu, kantuak grabatu eta diskoa ekoizteko prozesua?

Jimenez: Oso dibertigarria izan zen. Inspirazio-iturri handiko leku paregabean egin genituen entseguak, Baxiren lantokian, Donostiako Gladis Enea parkean. Bertako egoitzan bada gela txiki bat, lehenago kapera izan zena, eta bertan baziren haurren mozorroak eta eskulanak, eta modu batera edo bestera, gure haurtzarora itzultzearen parekoa izan zen. Izpiritu jostagarri batekin egindako prozesua izan da.

 

Xabi Ubeda: «Niretzako abesti bat egitea beti da jolas bat. Obsesio handia dut; horrek salbatzen nau»



Ubeda: Niretzako abesti bat egitea beti da jolas bat.

Jimenez: Baxik inkontinentzia bat dauka sorkuntzarako. Ezin du alde batera utzi, eta hori ondo dago.

Ubeda: Obsesio handia dut; horrek salbatzen nau.

Obsesiboa kontsideratzen zara?

Ubeda: Sorkuntzarako behar-beharrezkoak dira obsesiboak. Lehen esan dudan moduan, prozesua bera jolas bat izan da: elementu desberdinekin probak egin, nolako emaitzak atera daitezkeen ikusi, beratzen utzi, gainbegiratu, aztertu, moldaketak egin…

Irakurri dudanez, iazko inauterietan eta sanjoanetan grabatu zenuten diskoa. Bitxia da hori, ezta?

Biek: [Barreak].

Ubeda: Logistika kontua izan zen, batez ere.

Jimenez: Badauka bere zentzua. Biok genituen jaiegunak data horietan.

Ubeda: Gure opor egunetan oporretara joan ordez, gauza zoragarriago bat egin genuen: Txap lagun handiarekin estudioan sartu eta kantuak grabatu.

Nola joan ziren grabaketak?

Ubeda: Oso eroso sentitu ginen eta gozatu egin genuen. Inprobisazio gutxi izan zen. Gure zatiak ondo lotuta genituen. Txapek berak ere kolaboratu zuen diskoan, eta berari askatasuna eman genion, konfiantza handia genuelako berarengan. Ekarpen oso interesgarriak egin zituen.

Aurrez beste talde batzuetan ibilitakoak zarete, eta txikitatik ezagunak. Oso ondo ezagutzen duzue elkar? Ondoegi, akaso?

Ubeda: [Barreak]. Baliteke, bai.

Jimenez: Ondoegi ez dakit, baina badakit Baxik garai zail batean sortu zituela kantu gehienak, eta hori nabarmentzekoa da. Pieza asko izan ziren, askotarikoak gainera. Bere sormen gaitasuna oso zabala da; ez da musika estilo jakin batean zentratzen. Biok askotariko musika entzuten dugu eta hori nabari da diskoan.

Taldeko rolei dagokienez, Xabi, musikaz eta gitarraz arduratzen zara; Gorka, berriz, ahotsaz eta letrez. Ondo moldatzen zarete?

Ubeda: Automatikoki banatu genituen lanak. Gorka ez da inoiz gitarra batekin etorriko.



Jimenez: Jotzen ere ez dakit eta!

Ubeda: Bi elementuetatik abiatzen gara; hau da, gitarra eta ahotsa. Hori da oinarria, gero kolaborazio desberdinak egon daitezkeen arren. Erraza da.

Hala ere, elkarri askatasuna emanez aritzen zarete?

Ubeda: Beti daukagu elkarri iritziak partekatzeko joera, baina moldaketa txikietarako izaten da. Ez dugu haratago doazen eztabaidarik izaten.

Talde bat ez, bikote bat zarete. Nahikoa?

Jimenez: Zergatik ez?

Ubeda: Oraingoz behintzat, kantuak egiteko bai. Noizbait zuzeneko emanaldi baterako pausoa emanez gero, perkusio-jotzaile batekin aritzea, adibidez, lagungarria izango litzake. Bestela, pixka bat biluzia izango litzake saioa, eta horrek bere arriskua du. Baina, oraindik ez gaude egoera horretan.

Eta aurrerantzean, zeintzuk izango dira Zauria proiektuaren erronkak?

Jimenez: Musika egiten jarraitzea, abesti berriak sortzea, eta gero, batek daki! Abestiak eskuartean edukiz gero, ikusiko dugu zein irtenbide eman.

Ubeda: Niri gustatuko litzaidake bigarren diskoa egitea, eta arreta handia jartzen ari gara horretan. Aldiz, iruditzen zait oraindik garaiz dela zuzeneko emanaldirako saltoa emateko. Funtzionatu dezakeen zerbait egin nahi badugu, zer egin dezakegu? Ez dugu disko bat aurkeztu beharrik, baina beharrezkoa da abesti gehiago izatea, kontakizun bat izango duen errepertorio zabalagoa osatzeko.

 

Gorka Jimenez: «Lan bat kaleratzen baduzu, zuzeneko emanaldiak egin behar dituzu bai ala bai. Zergatik?»


Jimenez: Gaur egun, musikaren eta sormenaren inguruan diktadura bat dagoela iruditzen zait. Lan bat kaleratzen baduzu, zuzeneko emanaldiak egin behar dituzu, bai ala bai, eta horretan jartzen zara buru-belarri. Zergatik? Positiboa eta aberasgarria izan daiteke, baina behar bat izateraino aldea dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!