Igandean hasiko da XXV. Aiztondo Pilota Topaketa

Ataria 2024ko otsailaren 2a

Iazko topaketaren sari banaketa.

Alkizan emango zaio hasiera topaketari eta guztira 120 pilotarik parte hartuko dute.

Bailarako sei klubetako kideek parte hartuko dute, neska zein mutilek, eta eskuz aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak ariko dira eta paletaz infantilak. Finalak Alkizan bertan jokatuko dira apirilaren 27an.

Kamiseta bat atera dute Aiztondo Pilota Topaketaren 25. aldia ospatzeko, eta kamiseta horrekin lehiatuko dira pilotariak. Kamisetan sei herrietako eta sei klubetako armarriak izango dira. Parte hartzaile gehienak Amasa-Villabonakoak dira, ondoren Aduna, Zizurkil, Alkiza, Asteasu eta Larraulgoak.

Aurrebenjaminen partidak igande goizetan jokatuko dira Alkizan, ostegunetan alebinek jokatuko dute Larraulen eta Alkizan, eta benjaminak Zizurkilen ariko dira larunbat arratsaldetan. Infantilak eskuz Villabonan eta Zizurkilen, astean zehar ariko dira baino oraindik egunak zehazteke dituzte, eta paletaz ostegunetan Adunan ariko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!