Erasunek eta Zabalak garaipen bana lortu dute

Ataria 2024ko otsailaren 2a

Irati Zabala, eskuinean, Larrabetzun jokatutako jardunaldian.

Master Laboral Kutxa eskuz binakako txapelketan ari dira parte hartzen, eta Larrabetzun jokatutako bigarren jardunaldian lortu dute puntu bana.

Itxaso Erasun atzelari zizurkildarra Olatz Arrizabalagarekin ari da jokatzen eta 22-8 irabazi zioten Oronoz-Goietnetxe lapurtarrei. Bigarren astez jarraian, Ipar Euskal Herriko ordezkariek aurpegia eman dute, baina sufritzea egokitu zaie, parean oso bikote sendoa izan dute eta.

Irati Zabala atzelari lizartzarra Amaia Aldairekin ari da jokatzen eta 22-19 irabazi zioten Beitia-Mendizabal bikoari. Galdu arren, Beitiak egindako lan bikaina nabarmendu beharra dago, oso oldarkor eta ausart aritu delako, joko ona erakutsiz. Amaitutako tanto asko eta 70 minutu iraun dituen partida lehiatuan, lanak eman dizkiete Aldai eta Zabalari, baina egungo Lau eta Erdiko txapelduna partidari martxa bat gehiago jartzeko gai denean oso gutxi dira berari aurre egiteko gai direnak, gainera, Zabalak ere lan txukuna egin dio atzean. Galtzaileei tanteo ona lortu izanaren kontsolamendua geratzen zaie.

Txapelketaren hurrengo geltokia Usansolon izango da igande eguerdian, baina Erasunek eta Zabalak ez dute partidarik izango bertan.

Itxaso Erasun, ezkerrean, gorriz jantzita, Larrabetzun jokatutako jardunaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!