Tolosaldeko harrera protokoloa diseinatzen hasi dira

Ataria 2024ko otsailaren 1a

Hogei kidez osatutako talde eragilea sortu dute eta apirilera arte bost lan saio gidatuko ditu Biltzen gizarteratzea eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzuak.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak harrera protokoloa diseinatzeko prozesua abiatu zuten joan den urtarrilaren 24an Lehiberri zentroan. Eskualdeko udaletako eta elkarteetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte bertan.

Amaia Iturri migrazio eta aniztasun teknikariak azaldu duenez, eskualdera etortzen diren herritarrei lehenengo harrera egiteko eskualde mailako protokolo baterako marko bat sortzea da egitasmoaren helburua. «Gero, eskualdeko udaletan egikaritu  beharko da protokolo hori. Prozesuan harrera eta horrekin lotutako beste kontzeptu batzuk adostuko ditugu, horren gaineko erantzukizun publikoa identifikatuko dugu, atzerritar jatorria duten pertsonei eskainiko diogun harrera eredua zehaztu eta etorri berriei eskainiko dizkiegun tokian tokiko zerbitzuak eta prestazioak ordenatuko ditugu».

Urtarrilaren 24ko hitzorduan diseinuan parte hartuko duen talde eragileko kideak nortzuk izango diren jakinarazi zuten. Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluan parte hartzen duten udal ordezkariekin batera, departamendu ezberdinetan aritzen diren teknikari ezberdinek hartuko dute parte, Iturrik aipatu duenez, «ikuspegi integralagoa bat izan dezagun». Gizarte eragileetako ordezkariek ere izango dira talde eragileko partaide. Horien artean daude Uema, Galtzaundi, Zutani, Peñascal kooperatiba, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Divinas elkartea, Jatorkin, Boolo Senegal, Ereite eta Sos Arrazakeria.

20 lagun izango dira guztira taldean parte hartuko dutenak eta Eusko Jaurlaritzako Biltzen, gizarteratze eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzuak dinamizatuko du prozesua. Apirila bitartean, bost lan saio aurreikusi dituzte eta joan den astelehenean egin zuten lehenengoa, aniztasun kulturalaren kudeaketaren ingurukoa.

Tolosaldea Garatzeneko migrazio saileko arduradunek aipatu dutenez behin apirilean prozesua burututa, uda baino lehen protokoloa amaituta egotea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!