Badator XVII. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ots. 1a, 07:59

Ahoz Aho Jaialdiaren antolatzaile eta babesleak Barrena Jauregian egindako aurkezpenean. LAIDA GOIBURU / GOIERRIKO HITZA

Otsailaren 15etik martxoaren 23ra izango da aurtengo Ahoz Aho; 50 emanaldi inguru egingo dituzte puntako kontalariek Euskal Herrian zehar, tartean, Tolosaldeko hamar herritan.

XVII. Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, ahozkotasuna eta transmisio orala protagonista dituen ekimena otsailaren 15etik martxoaren 23ra izango da. Intujai Teatro taldeak Tolosako eta Ordiziako udalekin batera antolatutako jaialdiaren barruan, hilabete pasatxoz, ahozkotasunari lotutako 50 ekitaldi inguru izango dira Euskal Herriko 21 herritan, gehienak Goierrin eta Tolosaldean. Eskualdearen kasuan, hamar udalerritan izango dira saioak: Alegia, Amezketa, Asteasu, Belauntza, Elduain, Irura, Ibarra, Lizartza, Tolosa eta Zizurkil.

May Gorostiaga Intujai Teatro taldeko zuzendariak aurreratu du Euskal Herriko zein atzerriko puntako ipuin kontalariak elkartuko dituela jaialdiak. «Atzerriko figurek kontatzeko dituzten beste modu batzuk ezagutu eta zubiak eraikitzeko aukera eskaintzen du jaialdiak». Hizlarien %70 euskaldunak izango dira; gainerakoan, Aldo Mendez kubatarra, Nelson Calderon kolonbiarra, Celine Rainoird frantziarra edo Vera Makucevica letoniarra nabarmendu ditu. Azken honek, gainera, euskaraz egingo du emanaldia, txotxongiloak erabiliz.

«Altxor handiak»

Quebeceko (Kanada) artisten presentzia ere izango du Ahoz Aho Ahozkotasunaren jaialdiak. Berceurs du Temps konpainiak Kulunka Denbora emanaldia egingo du Arrasaten. Sehaska kantak biltzen ari dira eta 80tik gora hizkuntzatan dituzte. Jaialdira datozela aprobetxatuta, euskarazko sehaska kanta batzuk grabatuko dituzte. Emanaldian, kulunka batzuk jartzen dituzte entzuleak bertan eseri daitezen, eta kulunkatu bitartean sehaska kantak entzun ditzaten.

Quebecetik datorren Marta Saenz de la Calzada ere izango da jaialdian. Leonen (Espainia) jaioa, frankismoan emigratu zuen hara eta bertan finkatu zen. Bere aita, Luis Saenz de la Calzada, La Barraca antzerki taldeko kidea izan zen, Federico Garcia Lorcarekin batera. «Jaialdira datozenak ez dira bakarrik beraien lanengatik etortzen; pertsona hauek altxor handiak dira guretzat».

Ipuinen Narrazio Lehiaketa

Ahoz Aho Jaialdiaren barruan, otsailaren 17an, 19:00etan hasita, XII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketako sailkapen fasea egingo da Ordiziako D'elikatuz aretoan. Ane Gebara gasteiztarrak aurkeztuko du, eta artista gonbidatua Yaima Orozco kubatarra izango da. Ekitaldi horretan hiru finalista aukeratuko dituzte (epaimahaiak bi eta publikoak bat), martxoaren 22an, 19:00etan hasita, Barrena Jauregian egingo den gala nagusiko finalean aritzeko. Finaleko kontalari onenak 300 euroko saria irabaziko du, bigarren sailkatzen denak 200 eurokoa, eta hirugarrenak 100 eurokoa.

Oraindik aukera dago lehiaketan izena emateko; otsailaren 10ean amaituko da epea. Horretarako, interesa dutenek mezu bat bidali beharko dute intujai@gmail.com helbide elektronikora, Ipuin lehiaketa goiburuarekin, izen-abizenak, ipuinaren izenburua, egilea, posta elektronikoa eta telefonoa adieraziz. Parte hartzaile bakoitzak 20 euro ordaindu behar ditu seinale gisa, eta partaidetza bukatzean itzuliko zaie.

Urrezko Kalabaza, Urkijori

Martxoaren 23an, jaialdiari amaiera emateko, Ahozkotasunaren Gala ekitaldia egingo dute Amarozko Auzo-Etxean. Besteak beste, tartea eskainiko diote sormen lana ahozkotasunetik jasotzeari, eta Dorleta Kortazarrek gidatutako solasaldian Maider Galarza kontalariak, Iban Perret musikariak, Ixabel Millet idazle eta kontalariak eta Paul Urkijo zinema zuzendariak parte hartuko dute.

12:00ak aldera, Urrezko Kalabaza saria banatuko dute, eta aurten, Urkijori emango diote. Antolatzaileek esan dutenez, «ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko gaitasunagatik» jasoko du garaikurra zinema zuzendari gasteiztarrak.

ESKUALDEKO SAIOEN EGITARAUA
  • Otsailak 16, ostirala
    • 19:30. Charo Pita (Galizia) eta Odei Arregiren kontakizunak Elduaingo kultur etxean, helduentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Otsailak 24, larunbata
    • 20:30. Aldo Mendezen (Kuba) saioa Tolosako Berazubi Auzo Elkartean, helduentzat, gaztelaniaz.
  • Otsailak 29, osteguna
    • 18:30. Ane Gebara eta Nelson Calderonen (Kolonbia) kontakizunak Asteasuko udaletxean, haurrentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 4, astelehena
    • 17:30. Vera Mukucevicaren (Letonia) saioa Amarozko (Tolosa) Auzo-Etxean, haurrentzat, euskaraz.
  • Martxoak 5, asteartea
    • 17:30. Marta Saenz de la Calzada (Quebec) eta Iñaki Carreteroren kontakizunak Irurako Kulturunean, familia guztiarentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 6, asteazkena
    • 18:00. Maider Alcelayren saioa Ibarrako kultur etxean, haurrentzat, euskaraz.
  • Martxoak 9, larunbata
    • 18:00. Ahozkotasunaren Gala Nagusia Lizartzako udal aretoan, helduentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 10, igandea
    • 18:00. Maider Galarza eta Carolina Ruedaren (Kolonbia) kontakizunak Belauntzako kultur etxean, helduentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
    • 19:00. Marta Saenz de la Calzada (Quebec) eta Iñaki Carreteroren saioa Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian, helduentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 12, asteartea
    • 17:00. Maider Galarza eta Carolina Ruedaren (Kolonbia) kontakizunak Alegiako Udal Liburutegian, haurrentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 13, asteazkena
    • 10:00. Ahozkotasunaren Gala Nagusia Tolosako Leidor aretoan, haurrentzat, euskaraz.
  • Martxoak 14, osteguna
    • 18:00. Ixabel Milleten saioa Berazubiko Auzo Elkartean, haurrentzat, euskaraz.
  • Martxoak 16, larunbata
    • 10:00. Aitor Ventureiraren El Bosque Mitico ibilaldia Amarozko basoan zehar, helduentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 18, astelehena
    • 18:00. Celine Rainorden (Frantzia) saioa Ibarrako kultur etxean, haurrentzat, gaztelaniaz.
  • Martxoak 19, asteartea
    • 17:00. Celine Rainorden (Frantzia) eta Dorleta Kortazarren kontakizunak Alegiako Udal Liburutegian, haurrentzat, euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Martxoak 23, larunbata. VIII. Euskal Kontalarien Topaketa Amarozko Auzo-Etxean.
    • 9:30. Ahozkotasunetik Sortua saioa. Paul Urkijo, Maider Galarza, Iban Perret Ibantuta eta Ixabel Milleten hitzaldiak, Dorleta Kortazarrek koordinatuta.
    • 12:00. Urrezko Kalabaza Sarien banaketa.
    • 12:30. Berceurs du Temps konpainiaren Kulunka Denbora emanaldia.
    • 17:00. Musika saioak Bidegoxo jatetxean: Bikustik, Rockaren klasikoak akustikoan eta DJ Aritz Icepun.
  • Martxoak 27, asteazkena
    • 18:00. Puy Osesen saioa Amezketako kultur etxean, haurrentzat, euskaraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!