Saihesbidearen proiektua berrartzeko eskatu diote aldundiari

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 1a, 07:58
2020an herritarrek saihesbidea eskatuz Zizurkilen egindako protesta

Proiektua ostera martxan jartzeko eskatu dute Asteasuko eta Zizurkilgo Udalek. Erantzun bat agindu diete aldunditik.

Zizurkilgo Elbarrena auzoa inguratuko lukeen saihesbide baten eskaera luzatu du udalak, beste behin, Gipuzkoako Foru Aldundian. Asteasuko industria poligonoak trafikoan eragin handia du eta garraio astuna dakarkio Zizurkilgo erdiguneari. Urtarrilaren 18an egin zuten bilera aldundian eta «adeitsua eta emankorra» izan zela aipatu du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak. Orain, aldunditik agindu dieten erantzunaren zain geratu dira.

Saihesbidearen auziak azken hamarkadetan izan duen ibilbidea gogoratu dute udal arduradunek eta aldunditik urte hautetan guztietan bete gabe geratu diren promesak aipatu ditu Amenabarrek: «Duela 15 urte egin zen proiektua erabat zaharkitua dagoela badakigu bi aldeok, baina gaiari heltzeko eskatu diegu bileran, saihesbidea zizurkildarron bizi kalitateari eta herriaren etorkizunari begira ezinbesteko gaia delako».

Herri erdigunetik pasatzen den trafiko kopuruaren datu eguneratuak foru arduradunen eskuetan utzi eta aldundian erregistratu dituzte txostenak. Saihesbiderik ez izateak Bulandegi bidea eraldatzeko martxan den proiektua baldintzatzen duela gogorarazi zieten Zizurkilgo udal ordezkariek aldundikoei. «Aldundiaren eskumena diren bideetan herri gisa behar handiak ditugula ikusten dugu eta horretaz guztiaz hitz egin ahal izan genuen bileran», adierazi du alkateak. Segurtasunari lotutako beste hainbat eskari ere jarri zituen Zizurkilgo Udalak mahai gainean: Elbarrenan abiadura murrizteko moduak; Olentzo inguruko biribilgunea; edota Olentzo eta Zizurkilgo Herrigunea lotzeko bidegorria.

«Ulertzen dugu saihesbidea ez dela urte batetik bestera egingo, baina prozesua ostera martxan jartzea nahiko genuke, eta bien bitartean, gure herriko bide segurtasuna hobetzeko beste neurri edo proiekturen bat ere abian jartzea», aipatu du Amenabarrek, gogoratuz, euren aldetik elkarlanerako borondate guztia jarriko dutela gai hauei guztiei

Erantzunaren zain

Maite Amenabar alkatearekin eta Joxe Mari Luengo alkate ordearekin batera, herriko udal arkitektoa eta abokatua, eta Pili Legarra Asteasuko alkatea izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko urtarrilaren 18ko bileran. Gipuzkoako Foru Aldundiko Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretarako diputatuarekin eta Mikel Uribetxeberria plangintza zuzendariarekin bildu ziren eskualdekoak.

Egindako eskaera guztien inguruko erantzun bat emango dutela agindu dute aldundiko arduradunek, eta bere aldetik, erantzuna jaso bezain pronto herritarrei jakinaraziko diela esan du Amenabarrek, udal gobernuak legealdi planean hitz eman bezala. «Saihesbidearena, udalarentzat zein herriarentzat, lehentasunezko gaia da». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!