Lauburu Ibarrak egin du aurrera Gipuzkoako Kopan

Ataria 2024ko urt. 29a, 11:57

Areto futboleko Gipuzkoako Kopako finalerdiak jokatu ziren ostiralean, eta Lauburu Ibarrak 9-0 irabazi zion Ama TEEP Tolosala taldeari. Anoetak ezin izan zuen aurrera egin, Antiguokoren aurka 5-0 galdu baitzuen.

Finalerdietan lehiatu ziren lau taldeetatik hiru ziren eskualdekoak, eta Ibarrako taldea sailkatu da finalerako. Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zuten Lauburu Ibarrak eta Ama TEEP Tolosalak beraien arteko finalerdia. Ibartarrek irabazi zuten, 9-0eko markagailuarekin.

«Hasieratik bagenekien ez zela partida erraza izango, eta gauzak ondo egin behar genituela. Norbere buruan konfiantza izateaz gain, taldean ere izan behar genuela», azaldu du Eneritz Rodrgio Lauburu Ibarrako kapitainak. «Hasieratik dena ematera atera ginen eta hori izan zen gakoa». 20 segundora lehen gola iritsi zen eta horrek lasaitasuna eman zien Ibarrakoei. «Joko ona ikusten zen, eta horrek ere konfiantza ematen zion taldeari. Aukerak sartu egiten genituen eta atsedenaldira alde zabalarekin joan ginen». Egoera horrek lasaitasuna eman zien bigarren zatirako. «Gure jokoarekin jarraitu genuen, eta partida indartsu eta polit bat ikusi zen». Finalean dute orain ikusmira: «Kopa etxera ekarri nahi dugu, eta beti da polita final bat irabaztea. Gu gure jokoa bilatzen saiatuko gara, partida hasieratik ahalik eta ondoen irakurtzen».

Ama TEEP Tolosalako Garazi Arregi kapitainak azaldu duenez, «teknikoki daukaten kalitateak balantza beraien alde jarri zuen hasieratik, eta lehenengo golak hain azkar etortzeak animikoki min handia egin zigun eta ez genion eman buelta. Erasoan ez genuen ezer sortu. Asko jota partida guztian bi jokaldi egiteko gai bakarrik izan ginen». 

Anoetak Antiguokoren aurka jokatu zuen beste finalerdia, eta 5-0 galdu zuen Donostiako Pio Baroja kiroldegian. «Emaitzak ez du islatzen nola joan zen berez partida, baina oraingo honetan ezin izan genuen garaipena etxera ekarri», azaldu du Naroa Ane Lasa Anoetako jokalariak.

Finala, beraz, Lauburu Ibarra eta Antiguoko taldeen artean izango da. Larunbatean jokatuko da, otsailak 3, 18:30ean, Donostiako Gaska kiroldegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!