Reala Zuzenean maketa lehiaketako hautatuen artean dago Meliora

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 26a, 14:07

Hamabi finalisten artean hautatu dute Aiztondoko heavy taldea eta apirilaren 20an emanaldia eskainiko dute Garberan. Taldearen aldeko botoa eman daiteke Reala Zuzenean webgunean.

Reala Zuzenean ekimenaren babespean maketa lehiaketa antolatu dute. Bertako talentua bultzatzeko asmoz sortu dute ekimena Garbera merkataritza gunearekin lankidetzan. Meliora Aiztondo bailarako taldeak Galdutako hura kantuarekin parte hartu du lehiaketan eta emanaldia eskainiko du Garberan, apirilaren 20an.

Maiatzaren 18an ospatuko da finala Garberan eta handik aterako da talde irabazlea. Saridunak AME estudioan bi abesti grabatu ahal izango ditu eta Reale Arenan jokatuko den La Ligako azken partidaren atsedenaldian emanaldia eskainiko du. Hamabi talde finalisten artean, bi sari zozkatuko dira: Realaren lehen taldearen kamiseta bat eta Reale Arenan jokatuko den partida baterako bi VIP sarrera.

Eskualdeko taldea hautatuen artean

Hamabi finalisten artean sartu da Meliora taldea. Rock, hard-rock eta heavy metala jotzen duen Aiztondo bailarako taldea da. Beraien musikak 80. hamarkadako heavyaren eta rock modernoaren eragina du. Duela urte bete, beraien lehenengo albuma aurkeztu zuten Aethereus izenekoa. Euskaraz eta ingelesez idatzitako abestiak osatzen dute diskoa.

Apirilaren 20an joko du taldeak Garberan, Reala Zuzenean maketa lehiaketaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!