Kopako finalerdiak jokatuko dituzte hiru taldeek bihar

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 25a, 16:00

Areto futboleko Gipuzkoako Kopan, Lauburu Ibarra eta Ama TEEP Tolosala elkarren aurka ariko dira, eta Anoetak Antiguoko izango du aurkari.

Emakumezkoen areto futbolean Gipuzkoako Ligan lau talde ari dira lehian denboraldi honetan, eta horietatik hiru eskualdekoak dira: Lauburu Ibarra, Ama TEEP Tolosala eta Anoeta. Beste taldea Antiguoko da. Asteburu honetan Gipuzkoako Kopako finalerdiak jokatuko dituzte euren artean. Lauburu Ibarra lehenengo doa ligan eta bere aurkaria Ama TEEP Tolosala izango da, ligan laugarren postuan dagoena; partida bihar jokatuko da, 19:45etik aurrera, Ibarrako Belabieta kiroldegian. Anoetak Antiguokoren kantxan du partida, Donostiako Pio Baroja kiroldegian, bihar 21:00etan. Bi irabazleek euren artean jokatuko dute finala hurrengo asteburuan.

Ligari dagokionez, oraingoz joaneko partidak jokatu dituzte, eta Kopa bukatzen denean jokatuko dituzte itzulerako partidak. Denboraldi honetan liga motza dutenez, beste txapelketa bat ere jokatuko dute taldeek. Arabako ligako taldeen aurka izango da, eta txapelketa azkar bat izango da, kanporaketekin. Liga bukatu ondoren egingo dute txapelketa hori, eta eskualdeko hiru taldeek parte hartuko dute.

Lauburu Ibarrak zailtasunak izan zituen denboraldi honetan taldea osatzeko. «Aurreko urteetako taldekide askok beste bide batzuk hartu zituzten, eta orduan pentsatu genuen talde berri bat ateratzea. Horretarako denbora eta atzetik lana egitea behar izan zen, eta behin sortu genuela, liga jokatzea pentsatu genuen, nahiz eta lau talde bakarrik egon», zehaztu du Eneritz Rodrigo taldeko kapitainak. «Taldea osatzeko aurreko denboraldiko zenbait jokalariz gain, Ordiziako taldeko hainbat jokalari eta beste kide berri batzuk etorri dira».

Ligako lehen postua gustura hartzen dutela dio Rodrigok, eta aurrera begira postu hori mantentzea izango dela helburua gaineratu du. Biharko Kopako finalerdia «zaila» izango dela dio. «Azken entrenamenduetan zailtasunak izaten ari gara jokalari guztiak elkartzeko, eta hori ez da erosoa izaten partida bat prestatzeko, baina gure gogo guztiarekin joango gara partida irabaztera».

Ligako zein orain arteko Kopako partidetan egindakoagatik «gustura» daudela dio Garazi Agirre Ama TEEP Tolosala taldeko kapitainak. «Lauburu Ibarra kenduta, nahiko emaitza argiekin irabazi digute orain arteko bi lehiaketetan, bestela Anoeta eta Antiguokorekin oso pareko ibili gara. Markagailu estuak izan dira eta atearen aurrean gehiago edo gutxiago asmatzea izan da kontua». Orain arte «lehiatzen» jakin izan dutela gaineratu du: «Alde horretatik gustura gaude eta bide horretatik jarraitzeko asmoarekin». Kopako biharko finalerdian «aurkari zailena» dutela dio: «Baina horrelako partidak asko gustatzen zaizkigu, eta azkenean Ibarra eta Tolosa arteko lehiak beti ere jende gehiago erakartzen du».

Taldea osatzea urtetik urtera «gero eta zailago» egiten zaiela azaldu du, «eta hori ere ligan ikusten da, lau talde bakarrik gaudelako», esan du Arregik. «Hala ere, azkenean guk aurreko denboraldiko jokalariak mantentzea lortu dugu, eta berri batzuk etorri dira, federatu gabe daudenak, baina gurekin entrenatzen dutenak. Alde horretatik pozik gaude».

«LEHIATZERA JOANGO GARA»

Antiguokoren aurkako Kopako finalerdia partida «zaila» izango dela dio Naroa Ane Lasa Anoeta taldeko jokalariak. «Aurretik beraien aurka jokatu ditugun partidak oso berdinduak izan dira. Prestatuta gaude partidarako, baina badakigu zaila izango dela». Ligan bigarren postuan daude Antiguoko eta horregatik jokatzen da beraien kantxan. «Beraien kantxan jokatzeak baldintzatzen du, baina ikusiko dugu zenbateraino izaten den», zehaztu du Lasak. «Lehiatzera joango gara. Aurreko partidetan hortxe-hortxe egon gara, eta saiatuko gara etxera garaipena ekartzen».

Aurten ligak «beherakada» jaso duela azaldu Lasak. «Azkeneko momentura arte dudan izan ginen liga aurrera aterako zen ala ez. Egia da guk taldea azkar osatu genuela eta jokatu nahi genuela, baina lau talde bakarrik animatu izanak beti baldintzatzen du. Erabaki genuen aurrera egitea eta horretan ari gara». Taldean iazko jokalari guztiek jarraitzen dute, batek izan ezik, Lasak azaldu duenez: «Lesio garrantzitsu bat izan zuen aurreko denboraldiaren bukaeran eta aurten ez jarraitzea erabaki du». Jokalariek taldean segitzeko arrazoia beraien artean duten «giro ona» dela azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!