Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Elena Basagoitia Adiskide Numerario izendatu du

Ataria 2024ko urt. 22a, 11:46

Elena Basagoitia ostegunean izendatu zuten Adiskide Numerario, Topic-en egindako ekitaldian.

Tolosarraren izendapen ekitaldia Topic-en izan zen. Iurreamendi egoitzako zuzendari izandakoa da.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Elena Basagoitia Adiskide Numerario izendatu berri du Topic-en egindako ekitaldian. Tolosarra Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta Iurreamendi egoitzan hasi zuen bere ibilbide profesionala 1982an. 33 urte baino gehiago eman zituen bertan, lehenengo administratzaile bezala eta gero, zuzendari moduan.

2005etik 2010era Gipuzkoako Gizartean Eskuhartzeko Etika Batzordea sortzeko talde sustatzaileko kide izan zen, bai eta Batzordeko kide ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008an akreditazioa eman ondoren. 2007tik 2010era bitartean, Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluko kidea izan zen, Gipuzkoako adineko egoitzetako zuzendarien ordezkari gisa. 2015etik 2023ra arte, Erakunde Publikoen zuzendari Nagusia izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuan. Bere ibilbide profesional osoan, hainbat lantalde teknikotan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak sustatutakoetan, gizarte zerbitzuen eremuan, eta, bereziki, mendekotasuna duten adinekoen egoitzen esparruan. 2005etik Tolosako Ekinbide Etxean boluntario gisa lan egin du, eta 2013tik 2015era Zuzendaritza Batzordeko presidente izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!