Bi milioi bisita izan ditu 'Ataria.eus'-ek 2023an

Ataria 2024ko urt. 11a, 11:58

Aurreko urtean baino ia 250.000 bisita gehiago izan ditu; urte osoan 378.569 erabiltzaile bakar izan ditu webguneak.

Ataria.eus-ek orain arteko bisita kopuru handiena izan du 2023 urtean. Ia bi milioi (1.997.724). 2022. urtean 1.729.119 bisita izan zituen webguneak, beraz, igoera nabarmena izan da. Batez beste, 166.000 bisitari baino gehiago izan ditu hilean eskualdeko komunikabidearen webguneak.

Bisita horien guztien atzean 378.569 erabiltzaile bakar daude, aurreko urtean (360.278) baino 18.000 gehiago. Orotara webgunean ikusi diren orriak 4.292.735 izan dira, 2022an (3.764.301) baino 528.000 gehiago. Geroz eta erabiltzaile gehiago izatearekin batera, bisitariek denbora gehiago egiten dute webgunean, orrialde gehiago bisitatuz.

Gehien ikusitako orrialdeei erreparatuta, azala (Ataria.eus) da lehen postuan azaltzen dena. Herrien atalera jotzen dute bisitari askok, eta Tolosa da gehien aukeratzen dena, zerrendan bigarren postuan dagoelarik. Amasa-Villabona eta Amezketa bisita gehien izan dituzten lehen hamar orrialdeen zerrenda daude, baita Tolosaldea ere. Era berean, Agenda eta Zozketa atalek ere harrera oso ona izaten dute, eta lehen hamarren artean daude. 2023 urtean udal hauteskundeak izan ziren, eta gaiari lotutakoak ikusienen artean daude, bereziki nabarmentzen delarik hauteskundeetako hautagaien atala.

MUGIKORRETATIK GEHIEN

Ataria.eus bisitatzen duten gehienek telefono mugikorretik (%78,1) egiten dute, eta ondoren daude ordenagailutik (%19,1) sartzen direnak.

Webgunera jotzen duten gehienek, erdia baino gehiagok, bilatzaileren bat erabilita egiten dute. Laurdenak, berriz, zuzenean jotzen dute Ataria.eus-era, eta beste laurdena sare sozial baten bidez iristen da bertara.

Nabarmentzeko datua da Ataria.eus-era jotzen duten guztien artean, 48.269 bisitarik dutela nabigazio hizkuntza euskara jarria. Urtetik urtera kopurua igotzen ari dela erakusten du datuak

ERREFERENTE

ATARIAk hamar urte bete dituen unean pozteko datuak dira, komunitatea handitzen ari denaren erakusle baita. Eskualdean, bere lekua egin du eta erreferente da ATARIA, euskarari bere ekarpena eginez.

Milaka herritarrek egiten dute bat ATARIA-rekin egunero, baina horietatik ehuneko txiki bat baino ez da Atarikide. ATARIAk beharrezko du, ordea, handitzen joan eta euskal komunikabide indartsu eta profesional bat izateko bisitari guztien babesa. Pentsa zer izango litzatekeen egunero webgunera jotzen duten guztiek euren babesa emango balute. Proiektuak ez ezik, eskualdeak nabarituko luke onura.

2024rako gure buruari egiten diogun erronketako bat izan daiteke: egunero bisitatzen dugun webgunearen atzean dagoen proiektuari babesa azaltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!