Txotx garaia heldu da

Leyre Carrasco 2024ko urt. 11a, 19:59

Kupelak sagardoz beteta eman diote aurtengo denboraldiari hasiera eskualdeko sagardotegiek; Adunan, Asteasun, Lizartzan eta Tolosan izango da txox egiteko aukera.

Txotx eginez hasten dugu urte berria Euskal Herrian. Aurtengo sagardotegi denboraldiari ongi etorria emateko, dagoeneko ateak zabaldu dituzte eskualdeko sagardotegi batzuk. Esaterako, Eguzkitza eta Zabalan hasi dute sagardotegi garaia. Sarasola eta Isastegik larunbatean hasiko dute, Aburuzak urtarrilaren 17an, eta Goikoetxea sagardotegiak, berriz, urtarrilaren 26an.

Zabala sagardotegia urte osoan izaten da zabalik, baina urtarrilaren 4an eman zioten hasiera sagardotegi garaiari, hain justu. «Lasai» hasi dutela esan du Martin Zabala arduradunak, «oraindik hotz handia egiten du eta». Denboraldia «neketsua» izaten dela dio Zabalak, baina lanean «gustura» aritzen dira. «Lan asko izaten dugu, esaterako, bodegako lana, sagastikoa edota jangelakoa ere izaten dugu. Hala ere, aurtengoa iazko denboraldiaren antzekoa izango dela uste dut, ez du desberdintasun handirik izango», gehitu du.

Eguzkitza sagardotegian, berriz, urtarrilaren 5ean egin zuten lehen otordua, baina urte batzuk daramatzate abenduko asteburuetan ateak zabaltzen. Jon Zipitria arduradunak azaldu bezala, «urtarriletik aurrera denboraldia lasai xamarra izaten da eta martxan jartzea kosta egiten den arren, inauteriak sartu ostean lan dezente izaten dugu». Pixkanaka aldaketak sumatzen ari direla dio Zipitriak, «pandemiaren ostean erritmoa pausatuagoa dagoela esan daiteke eta ezjakintasun pixka batekin izaten gara beti, baina iazko urtea nola joan zen ikusi ostean, lan asko izango dugunaren itxaropena dugu».

Aburuza sagardotegia ere urte osoan zabalik izaten da, eta horregatik, sagardotegi garaian desberdintasunik ez dutela sumatzen dio Josu Aburuza arduradunak: «Azken bi urteetan lan berdin egiten jarraitu dugu, bai sagardotegi denboraldian zehar, baita aparte ere. Urte osoan zehar etortzen diren bezero fidelak ditugu eta horiekin lanean jardun dugu». Aburuzak ere pandemia garaia ekarri du gogora eta urte «oso txarra» izan zela esan du, «ostalari guztiek itxi egin behar izan genuen, eta udazken aldera berriro gure ateak zabaldu arren, muga asko errespetatu behar izan genituen tartean. 2021. urtea nahiko txukuna izan zen guretzat eta iazkoa oso ona. Aurtengoa berdina izatea espero dugu eta hala bada gu gustura».

Sarasola sagardotegian badakite larunbat eguerdietan sagardotegia betetzeko moduan izango direla. «Astean zehar lasaiegi egoten gara, eta pandemiaz geroztik, afarien eskaria jaitsi egin da. Jendea asko ari da aldatzen eta orain, larunbat eguerdietan izaten dugu jende gehien», diote Sarasolan. Hala ere, aurtengo denboraldian jangela gainontzeko egunetan betetzen hastea ere espero dute, «ea jendea gehiago animatzen den».

Isastegi sagardotegiari agenda betetzen hasi zaio. Joseba Lasa arduradunak kontatu bezala, «abendu hasieran hasi ginen erreserbak antolatzen eta egun zehatzak berehala bete zitzaizkigun, esaterako, kalderero eguna edo inauterietako ostegun gizenerako jada beteta ditugu. Martxoko eta apirileko hilabeteak ere pixkanaka ari zaizkigu betetzen eta printzipioz itxura oso ona du, jendea gogotsu ikusten dugu eta lana nahi adina izango dugula uste dut».

Kalitatezko uzta

Sagar urte izan dela esan du Lasak, eta horren emaitza izan da Isastegi sagardotegian izan dutena. «Uzta oparoa izan dala esan daiteke, bertako hornitzaile asko izan baititugu», adierazi du arduradunak. «Zuhaitzak asko kargatzen direnean gorputz txikiagoarekin ateratzen dira sagarrak eta alkohola ere gradu gutxiago bat izaten dute. Aroma, ordea, oso bizia izaten dute, baina freskotasun handiko sagardoak atera zaizkigu aurten», gehitu du.

Tolosaldeko sagarra erabiltzen du Eguzkitza sagardotegiak, «etxekoa edo inguruko beste baserriren batekoa». Urritasun arazoak medio, urtetik urtera uzta lehenago biltzen dute, eta horren ondorioz, sagardoa «gozoagoa» izaten dutela dio Zipitriak, «garaiz edateko moduan». Aburuzan, berriz, kantitate handia jaso dute aurten, eta urte batzuetan kanpoko uzta ere izan duten arren, aurtengoa gipuzkoarra dute.

«Lasto koloreko eta usai aromatikoko» sagarrak jaso dituzte aurten Zabala sagardotegian. Gainera, otsaila edo martxo aldera, berrikuntzak izango dituztela kontatu du Zabalak: «Urte guztian zehar landu ostean, guk landatu ohi dugun bertako sagardo lupulu bat berreskuratzea lortu dugu, eta hori otsaila edo martxo aldera dastagarri jarriko dugu kupela batean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!