Iragarritakoa baino leunagoa

Ataria 2024ko urt. 10a, 15:00

Martxan da neguko bide plana, eta abisu horia gauera arte mantenduko dute elur arriskuagatik; bigarren mailako errepideetan zein mendateetan tentuz gidatzeko gomendioa luzatu dute.

Iragarpen gehienek izaten ari dena baino kaxkarragoa aurreikusten zuten gaurko eguraldia. Kontrara, espero zena baino apur bat altuagoa izaten ari da tenperatura, eta elurra, momentuz, ez da jaitsi aurreikusten zuten metroetara. Dena dela, elurragatiko abisu horia egun osoan mantenduko da eta, prebentzioz, martxan da neguko bide plana. Hori dela eta, bigarren mailako errepideetan zein mendateetan tentuz gidatzeko gomendioa luzatu dute elur eta izotz arriskuagatik.

Estazio meteorologikoei erreparatuta baliorik baxuenak gauean zehar jaso dituzte. Berastegin bakarrik jaso dira zero azpiko datuak: 00:40ean jaitsi da tenperatura gehien, zehazki, -2,5 gradura –bezperan baino gradu bat epelago–; eta, ordu berean, Lizartzako eta Belauntzako estazioek 0,3 graduko tenperatura jaso dute. Bidania-Goiatzen, aldiz, 06:00etan jaso dute tenperaturarik hotzena: 1,6 gradu –atzoko hotzena baino ia lau gradu gehiago–.

Iragarpenek zioten kaxkarragoa izango zela gaurko eguraldia atzokoa baino, eta horren arabera hartu dituzte neurriak herritarrek zein agintariek. Goizean goiz Berastegin hainbat autok babestuta zuten aurrealdeko kristala izotzaren aurka, eta Bidania-Goiatzen hiru elurra kentzeko makina geldirik zeuden herriaren sarrerako industriagunean. Gidariek azaldu dute momentuan elurrik ez egon arren, abisuak irauten duen bitartean lanerako prest egon behar izaten dutela.


Berastegi sarreran auto bat, aurrealdeko kristala izotzaren aurka babestuta. A. ARROYO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!