Jubenil mailako txirrindulariak ditu aurten Danena taldeak

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 10a, 11:57

Danena Txirrindulari Taldekoek 2024 urtearekin batera aurrerapauso bat eman dute, jubenil mailako taldearen sorrerarekin.

Hori erakusteko taldearen argazki ofizialak atera dituzte, bide batez babesleak zein diren azaltzeko. Taldearen babesle nagusia Garaje Tolosak izaten jarraitzen du, Bioracer-ek ere proiektuan jarraitzen du eta aurten Spiuk gehitu zaie.

Jubenil mailako taldea izateko aukera sortu da Andoaingo Txirrindulari Taldearekin egindako elkarlanarengatik. «Txirrindularitzak dituen berezitasunengatik, bidaia asko egin behar izaten ditugu kanpora, eta ikusten genuen baliabideak elkartzeko beharra», azaldu du Ander Altunak Danena Txirrindulari Taldeko arduradunak. «Aiztondo bailara eta Andoain oso gertu daude, eta beraiek eramango dute kadete taldearen ardura, eta guk jubenil taldearena».

Eskola mailakoei dagokionez, benjamin, alebin eta infantilak, talde bakoitzak bere txirrindulariak izango ditu, orain arte bezala. «Gure erronka, Danena sortu genuenean, txirrindularitza Aiztondo bailarara gerturatzea izan da. Horretarako lanean jarraitu behar dugu maila gazteenetan», zehaztu du Altunak. Hemezortzi txirrindulari daude eskolarteko mailetan eta bederatzi jubeniletan, azken horiek gizonezkoak. Lau txirrindulari daude jubenil emakumezkoen mailan, tartean Izaro Etxarri adunarra, eta horiek Andoaingo taldearen elastikoarekin ariko dira. Bestalde, Aiztondoko kadete mailako sei txirrindulari ariko dira kadete mailan Andoaingo taldearekin.

Danenako hiru txirrindulari ziklo-kroseko denboraldian aritu dira eta horietako bat, Xabat Zuriarrain urnietarra, jubenil mailako Espainiako Txapelketan ariko da asteburuan. Pistari dagokionez, Izaro Etxarri eta Eñaut Urkaregi larrauldarra Espainiako Kopan ari dira parte hartzen. Etxarri lehenengo postuan doa sailkapenean, eta Urkaregi bigarren. Asteburuan biak Bordelen izango dira nazioarteko proba batean parte hartzeko.

Errepideko denboraldiarekin otsailaren azken asteburuan hasiko dira, eta horren aurretik, otsailaren 23an, taldearen aurkezpen ofiziala egingo dute Villabonako Gurea aretoan.

III. ASTEASUKO MTB LASTERKETA

Asteasuko Mendi Bizikleta Lasterketaren hirugarren edizioa jokatuko da urtarrilaren 14an, Asteasuko Udalak, Aiztondo K.E.-k eta Danena K.E.-k antolatuta. 09:30ean hasita, hainbat mailatako lasterketak egingo dira. Izen ematea doakoa da partaide guztientzat, federatutakoentzat zein herriko haurrentzat. Izena emateko azken eguna gaur da eta interesa dutenek mezua bidali behar dute danenatxirrindularitza@gmail.com helbidera.

Argazkiak: KARLIS

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!