Labaka eta Perurena txapeldun, Soroaren oroimenezko txapelketan

Ataria 2023ko abenduaren 30a

Ogi Berri Migel Soroa pilota txapelketaren finalak gaur jokatu dira Tolosako Beotibarren. Hiru finaletatik bitan eskualdeko pilotariak izan dira.

Kadeteen finalarekin hasi da arratsaldeko pilota jaialdia Beotibarren. Lau eta erdian eskualdeko bi pilotari aritu dira lehian. Perurena ibartarrak irabazi du txapela, Lizartzako Olanoren aurka. Partida hasieran lizartzarrak hartu du aurrea, pilota indartsu astinduz. Ondoren, ordea, ibartarrak agindu du. Perurenak bikain mugitu du pilota alde batera eta bestera, eta Olanok indartsuago bota arren kolpea, ezin izan du ezer egin.

Emozio gehien izan duen partida bigarrena izan da. Punta-puntako bi aurrelari zeuden kantxan, eta Beotibarko bi harmailak bete dituzten pilotazaleak gustura geratu dira ikuskizunarekin. Amaiera ikusgarria izan du finalak. 20-14 zeuden Apezetxea-Oliden. Zubizarretak partida iraultzea lortu du, 20-21 jarriz bikote urdina. Apezetxeak, ordea, azken hitza esan gabe zeukan eta partida berdintzea lortu du. Azken tanto horretan, bikain jokatu duen Apeztegiak pilota txapa azpira bota du, eta hor joan zaie txapela. Finaleko pilotari onenaren saria Apezetxeak jaso du.

Azken partidan, elite mailakoan, Eneko Labaka izan da sari hori jaso duena. Albizturko aurrelari bikainak aspaldi erakutsia du maila hau txiki geratu zaiola. Finalean beste erakustaldi bat eman du. Lizeaga, ordea, ez da gutxiago izan. Honi ere maila hau txiki geratzen ari zaio. Pilotakada ikusgarriak eman ditu Astigarragako atzelari handiak. Aurkariak, errioxarrak, ezin izan dute ezer egin aurkarien nagusitasunaren aurrean.

Emaitzak

Kadeteak
  • Perurena 18
  • Olano 5
Etorkizunekoen maila
  • Apezetxea-Oliden 22
  • Zubizarreta-Apeztegia 21
Elite maila
  • Labaka-Lizeaga 22
  • Fernandez-Loza 5

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!