Urtekaria 2023

Tolosaldea traineruaren balentria Kontxan

Ataria 2024ko urt. 3a, 10:59

Kontxako Bandera berezia izan da aurten Tolosaldea traineruarentzat. Lehendabizikoz jardunaldi bat irabazi dute. Lehenengo jardunaldian izan da, eta bandera lortzea amestu dute astebetez.

Azkenean, laugarren postua lortu dute, bigarren jardunaldia ez zelako nahi bezala atera, baina lehen jardunaldi horretan bizitakoa TAK klubean betiko geratuko da. Euskotren Ligan bigarren urtea egin du aurtengoan, eta hor ere laugarren postua eskuratu dute. Aurten, zortzi traineru lehiatu dira emakumezkoen goi mailako ligan, eta Tolosaldeak ez du play-offak jokatu behar izan. Tolosan harrera egin diete arraunlariei eskualdeko udaletako ordezkariek aurtengo denboraldiarengatik.

Ane Sanchez anoetarrak eta egun Lizartzan bizi den Xubane Uribarrena trintxerpearrak Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi dituzte Donostiako Arraun Lagunak taldearekin. Bestalde, Patroi Onenaren EITB Saria jaso du Euskotren Ligako Donostiarra traineruko Nerea Perez tolosarrak.

Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldea EBA ligara igo da Lauburu Ibarra bikain Kopan, eta Laskorainen igoera 2. B mailara

Redline Mekanika TAKE gizonezkoen saskibaloi taldea taldea EBA ligara igo da. Ligako azken jardunaldian 37-67 irabazi dio Goierri taldeari, eta zuzenean lortu du igoera, sailkapeneko lehen postua lortuta. Bere bigarren aldia da EBA ligan, eta Goar Artetxe entrenatzaileak azaldu duenez, «Tolosa bezalako herri batentzat EBA ligan jokatzea arrakasta handia da». Espainiako Estatu mailan, laugarren kategoria da EBA liga.

Besteak beste, igoera horrengatik Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatutako Saskibaloi Galan, TAKE klubak jaso du 2022-2023 denboraldiko Goraipatutako Klubaren Saria.

Areto futbolean 2. B mailako Lauburu Ibarrak taldeak ibilbide bikaina egin du Kopan. Bigarren mailako Wanapix Sala 10 taldeari irabazi zion penaltietan, eta hurrengo kanporaketan 2-4 galdu zuen lehen mailako Osasuna Magna taldearen aurka, itxura oso ona emanez. Belabietako kantxa berritu egin dute aurten, eta bertan jokatu dute partida berezi hori, harmailak beteta zeudela. 2022-2023 denboraldiko igoera fasea ere jokatu du talde moreak eta lehen kanporaketan Anaitasunari irabazi ondoren, bigarrena galdu du Jaengo Mengibar taldearen aurka.

Bere aldetik, Tolosako Laskorain taldea berriro itzuli da 2. B mailara. Igoera faseko finala jokatu dute Gernikaren aurka, eta 3-4 irabazi dute tolosarrek, aurkarien etxean.

Horrez gain, urteurrenak ere aipatu behar dira areto futbolean, TEEP Tolosala klub tolosarrak bere hamargarren urteurrena ospatu baitu aurten.

Denboraldi aldrebesa Imanol Rojorentzat Eki Lizaso Blumera eta Ekaitz Kortajarena txapeldun Zubillaga eta Agirrezabala, Euskal Herriko Koparen jabe

2022-2023ko negua aldrebesa izan da Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrarentzat. Arnas aparatuan birus bat izan zuen eta ondoren biriketan infekzioa, eta horrek eragotzi zion berak duen maila erakustea denboraldian zehar. Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera izan zuen azkenean, eta klasiko erako 50 kilometroko proban 42. postuan helmugaratu zen eta estilo libreko 15 kilometroko proban 40. sailkatu zen.

Danok Danena halterofilia taldeko Eki Lizaso donostiarra hautatua izan da Blumera joateko, Madrilgo goi errendimendu zentrora. Danok Danenaren urte askotako ibilbidean, kirolari horrekin 14 pultsulari dira Zizurkilgo taldetik hautatuak izan direnak, ikasketa bekak direla eta, goi errendimendu zentro ezberdinetan halterofilia egiteko. Bestalde, Ekaitz Kortajarena zizurkildarrak urrezko domina lortu du Espainiako Master Txapelketan.

Eskualdean mendi lasterketako bi talde aurkeztu dira aurten, eta biek egoitza Tolosan dute: Soronea-Ammma taldea eta Alpino Uzturre taldea. Soronea-Ammma taldeak Espainiako Txapelketan emakumezkoetan lehen postua lortu du eta gizonezkoetan laugarren egin zuten. Bestalde, Oihana Zubillaga anoetarrak mendi lasterketen Euskal Herriko Kopa irabazi du linea modalitatean, eta Iban Agirrezabala berastegiarrak Euskal Herriko Kopa ultra modalitatean.

Tolosa CF-ko gimnastak goi mailan beste behin Eñaut Uson eskalatzaileak, denboraldi biribila Nahia Aparicio futbolaria, Realeko lehen taldera

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko kideek emaitza bikainak lortzen jarraitzen dute. Aurten oinarrizko infantil mailako Tolosa P taldeak Espainiako Txapelketa irabazi du. Bestalde, junior mailako gimnastak bigarren izan dira Espainiako Kopan, eta jubenil taldekoek laugarren postua lortu dute Espainiako Txapelketan. Bestalde, estatuko talde onenek parte hartzen duten Euskalgym topaketan Tolosa CF-ko lau talde izan ziren lehian, eta postu gorenenak lortu zituzten; beste klub batek ez du horrelakorik lortu aurretik Euskalgym topaketan.

Eñaut Uson eskalatzaile ibartarrak zailtasun eta bloke modalitateetan Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa irabazi ditu 14 urtez azpiko mailan, denboraldi biribila eginez. 18 urtez azpikoetan, Elur Arteaga tolosarra bigarren izan da zailtasun modalitateko Espainiako Txapelketan eta hirugarren Kopan. Bloke modalitateko Espainiako Kopan Intza Elizalde tolosarra bigarren izan da 18 urtez azpikoetan.

Hiru denboralditan Realeko bigarren taldean egon ostean, lehen taldera egin du jauzi Nahia Aparicio futbolari tolosarrak. Pozez eta ilusioz gainezka hartu du aukera, eta pixkana minutuak pilatzen joatea da bere helburua 2023-2024 denboraldian. Bestalde, talde bereko kapitainak, Nerea Eizagirre tolosarrak kontratua berritu du Realarekin. Urtebetez luzatu du, eta 2024ko ekainaren 30era arte Realeko jokalaria izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!