Asko lagundu didaten pertsona asko ditut inguruan». Europako Txapelketan 11. postua lortu zuen omnium proban eta 10. postua madison proban Laura Rodriguezekin batera. Glasgowen (Eskozia) Munduko Txapelketan parte hartu du Larrartek, eta bertan scratch modalitatean 22. amaitu zuen tolosarrak, eta 16. Omnium proban. Horrez gain, Karion jokatutako Nazioen Kopan, txirrindulari tolosarrak meritu handiko 10. postua lortu zuen omnium proban, eta 13. postua madison proba Laura Rodrigezekin bikotea osatuz.
Gizonezkoen txirrindularitza profesionalean hainbat mugimendu izan dira aurten. Laboral Kutxa afizionatu taldetik profesionaletara igo da Unai Zubeldia ibartarra, eta Euskaltel-Euskadirekin 2024-2025 denboraldietarako kontratua sinatu du. Aurten emaitza ezin hobeak eskuratu ditu Zubeldiak: garaipen handia lortu zuen Legazpiko Santikutz klasikoan, Lizarran eta Berriatuan ere gailendu zen, eta Gipuzkoako zein Euskadiko txapelduna izan da 23 urtez azpikoetan.
Azken urte eta erdia bidaia berezia izan da Gorka Sorarrain tolosarrarentzat. Afizionatu mailako txirrindulari probetan lehiatzen hasi zen aurreko urtean, independente moduan. Maila ona eman zuen eta Baque taldeak fitxatu zuen. Urte bukaeran, bere adinagatik ezin zuen afizionatu mailan jarraitu, eta egutegi profesionala egiten duen BAI-Sicasal taldea azaldu zen bidean. Aurtengo Espainiako Txapelketan bosgarren egin zuen, eta hori izan zen pizgarria interes berezia sortzeko beste taldeetan. Caja Rural taldeak eginiko eskaintza onartu eta abuztu hasieratik talde horrekin ari da lehian.
Beste pauso bat emango du Unai Iribar txirrindulari ibartarrak bere ibilbide profesionalean: hurrengo bi urteetan Kern Pharma taldeko partaidea izango da. Azken bi urteetan profesionaletan debuta egin zuen Euskaltel-Euskadi taldean aritu da.
Iñaki Diaz tolosarra Lehendakari Txapelketako irabazlea izan da 23 urtez azpikoen mailan. Ayala Serrano larrauldarra Euskadiko txapeldun izan da juniorretan. Kadete mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketan txapeldunorde izan dira Eñaut Urkaregi larrauldarra eta Izaro Etxarri adunarra errepideko proban. Erlojupekoan taldeka irabazi dute biek Euskadirekin, eta baita Maier Olano tolosarrak ere. Bestalde, Urkaregik bost domina irabazi ditu pistako Espainiako Txapelketan. Ion Galarraga goiaztarra hirugarren izan da handbike modalitateko Espainiako Txapelketan. Irene Caminos biketrialeko txirrindulari tolosarrak Munduko Txapelketan 12. postuan amaitu du, eta Europako Txapelketan zortzigarren izan da, finalera sartzetik oso gertu geratuz.
John Cabang, Olinpiar Jokoetara begira
Atletismoan izen bat nabarmendu da aurtengoan: John Cabang irurarra. Filipinetako selekzioarekin lehiatzea erabaki du, datorren urteko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerak izateko. Hori horrela, aurten absolutu mailako Asiako Txapelketan parte hartu du, eta domina lortzeko zorian izan da. Bangkoken (Thailandia) lehiatu zen 110 metro hesietan eta bere marka onena egin zuen Realeko atletak, baina ezin izan zuen podiumera igo. 13,56ko marka egin zuen Cabangek eta horrekin Euskadiko marka berria ezarri du, baina bost milaren azkarrago izan zen aurkaria. Helmugako argazkiak erakutsi zuenez, Cabangek 13,556 egin zuen eta azkenean hirugarren izan zen Yaqoub Alyouha kuwaitarrak 13,551 egin zuen. Filipinetako selekzioarekin ere Asiako Hego-ekialdeko Jokoetan parte hartu du, eta brontzezko domina lortu du 110 metro hesietan. Horrez gain, Realeko atletak Espainiako Absolutu Mailako Atletismo Txapelketan zilarrezko domina lortu du proba horretan, eta urrezkoa 23 urtez azpikoetan. Azken horretan klubarekin 4x100 metroko erreleboa ere irabazi du.
20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Tolosa CF-ko Ane Martin tolosarrak 1.500 metrotan lortu du hirugarren postua. Bidasoa Atleticoko Mario Estanga tolosarrak hirugarren egin du pertika jauzian.
Pista estalian, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, John Cabang bigarren izan da 60 metro hesietan, Joseba Larrauri irurarra hirugarren 200 metroetan, eta Ander Martinez de Rituerto tolosarra hirugarren pertikan.
Eskualdeko judokak nazioartean sendotzen
Judo Klub Tolosak lorpen izugarria egin du aurten, bere bi bikote Nage No Katako modalitateko Munduko Txapelketan izan baitira, Abu Dhabin. Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra senior mailan lehiatu ziren, eta helburua finalera iristea bazen ere, ez zuten lortu: beren multzoan bosgarren geratu ziren eta lehen hirurak sailkatzen ziren finalerako. Junior mailan lehiatu ziren Joseba Regillaga amezketarra eta Joseba Etxarri tolosarra, eta beren lehenengo Munduko Txapelketan finalera sartu ahal izan ziren. Finala ez zitzaien atera nahi zuten bezain ondo, eta seigarren bukatu zuten.
Bi bikoteak Europako Judo Txapelketan ere izan dira, eta junior mailan lehen postua lortu dute Regillagak eta Etxarrik beraien lehen parte hartzean. Seniorretan bigarrenak izan dira Saralegi eta Regillaga, beraien hirugarren zilarrezko domina izan da jarraian, eta aurtengoan urrezko domina puntu erdi batera geratu da.
Bestalde, Espainiako Txapelketan bi bikoteek urrezko domina eskuratu dute, bakoitza bere mailan.
Irati Lakunza, txapeldunorde Europakoan
Irati Lakunza hegats igerilari tolosarrak zilarrezko domina lortu du Europako Txapelketan. 400 metro eskafandra proban lortu du domina Igarondo Urpekoak klubeko igerilariak. Manon Douyere frantsesak lortu du urrea, Lakunzak baino lau segundo azkarrago amaitu ondoren. Noemie Da Silva frantsesa izan da hirugarrena, zilarretik segundo batera. Parte hartzaileen artean denborarik onena Lakunzak zeukan, baina finalean aurkari zuzenak aurrea hartu dio. Bestalde, Irati Lakunzak lau domina lortu ditu Espainiako Txapelketetan, bi urrezko eta bi zilarrezko. Haizea Izagirre tolosarrak junior mailan hiru domina lortu ditu, urrezko bi eta zilarrezko bat. 2022-2023 aldiko Tolosako Kirol Galan kirolari onenaren saria jaso du Irati Lakunzak.
Master kategorian, Patxi Monge tolosarra eta Gregorio Manzisidor tolosarra Kairon egindako Munduko Txapelketatik hiruna dominarekin etorri dira bueltan: Mongek urrezko hiru domina lortu ditu M55 mailan (55-60 urte bitarte), eta Manzisidorrek, zilarrezko hiru M50 mailan (50-55 urte bitarte).
Garrido eta Zubeldia, goi mailan
Tolosaldea IKTko Nahia Garrido igerilari urretxuarra bosgarren izan da Munduko Junior Txapelketan. Bizkar estiloko 200 metroko proba lortu du 2.12,50ko denbora eginez, eta Euskadiko errekor absolutua ezarriz 50 metroko igerilekuan. 100 metro bizkar proban 14. postua, eta 50 metro bizkarrean 30. postua lortu ditu. Horrez gain, Europako Junior Txapelketan hiru probatan parte hartu du Garridok, eta sailkapen onena 200 metro bizkarrean lortu du, 11. eginez. Espainiakoan Garridok bigarren postua lortu du 50, 100 eta 200 metro bizkarrean junior mailan, eta 200 metrotan bosgarren izan da absolutu mailan, eta seigarren 100 metrotan. 50 metro tximeletan urrea lortu du junior mailan.
Talde bereko Mattin Zubeldia tolosarra Europako Gazteen Olinpiar Jaialdian 200 metro bizkarrean finalean sartu eta zortzigarren izan da. Espainiako Txapelketan, Zubeldiak zilarrezko domina bat eta brontzezko bi domina lortu ditu infantil mailan.
Tolosaldea IKT klubak gizonezkoen mailan Espainiako Koparen lehen mailan parte hartzeko lorpen historikoa erdietsi zuen, baina uko egin behar izan dio bertan parte hartzeari, Usabal kiroldegia eta bertako igerilekua itxita egon baita hainbat hilabetez langileen greba dela eta.