Urtekaria 2023

Bertso eskola giroan ospatu du Harituzek 10. urteurrena

Ataria 2024ko urtarrilaren 1a

Hamarkada batez bertsoak kantatzen, entzuten, kantarazten, grabatzen, dokumentatzen, irakasten, ikasten eta sortzen aritu dira. Ikasturte honetan hainbat jarduera antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.

Hamar urte bete ditu aurten Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak, eta hemendik aurrera ere bertsoaren transmisioan jarraituko dute. Urteurrenaren harira, denetariko ekimenak antolatu dituzte, horien artean, Pello Errota bertso-sariketa urrian, (H)arituz bertso-jaialdia azaroan, eta Gure Bertso Zirkua abenduan; horrez gain, bertso-saioak grabatzen eta dokumentatzen jarraitzen dute, eta baita emititzen ere, azaroan 300 programa beteko baititu (H)ari Naizela irratsaioak. Tolosaldeko bertsolarien ikerketa lerroa ere martxan jarri dute, lehengoen berri izan dezaten oraingoek eta gerokoek ere. Esan gabe doa, aipatutako jarduerez gain, mantendu dituztela ohiko bertso eskolak eta saioak ere.

Proiektuaren hastapenak

Hamar urte atzera, bertsoaren jiran ari ziren, batean eta bestean, Tolosaldean. «Baina ez geneukan ezer ofizialik; bertso eskola ibiltari bat bakarrik, eta hor ere ahal zuena egiten ari zen bakoitza», azaldu du Beñat Iguaran Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Belaunaldien arteko eten bat» sortzen ari zela ere nabaritu zuten taldean. «Gazte askorik ez zetorren, ez geneukan 20 urtetik beherako bertsolaririk bertso eskoletan, eta errealitate horren aurrean zerbait egin nahiak elkartu gintuen». Beñat Iguaranek aitortu du garai hartan Mikel Artola alegiarra «egoskortu» zela pixka bat zerbait egin zezaketela sinetsita —Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da gaur egun—. «Eta egin egin genuen».

Hasieratik, elkargune izateko jaio zen Harituz. «Ez bertsolariena bakarrik; eragileena, zaleena… denena», zehaztu du Oihana Iguaranek, Harituzeko kide eta bertsolariak. «Bertsotan egiteko eta elkartzeko premiak sortu zuen proiektua, guztiok kohesionatzeko beharrak. Baina, hasieratik, eragiteko asmoa ere bazeukan Harituzek: gai jartzaileen artean, tokian tokiko antolakuntzan zebiltzanen artean… Denborarekin planifikatu dugu dena, pixkanaka».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!