Bi mila eta hamahiruko urriaren 6an sortu zen ATARIA, eskualdeko hiru komunikabideren (Tolosaldeko Hitza egunkaria, Galtzaundi aldizkaria eta Txolarre irratia) bateratzetik. Helburu argi batekin, Tolosaldeko herritarrentzat erreferentziazko gunea izatea, euren jakin-mina eta komunikazio premiak erarik profesionalenean asebetez, euskaratik eta euskaraz. Hamar urte geroago, 2023ko urriaren 6an, hamargarren urteurreneko festa egin zuen ATARIA-k Tolosako Zerkausian.
Urteurrena ospakizunerako baliatu nahi izan zuen ATARIA-k, jai giroan elkartuz, Atarikideak, kolaboratzaileak, elkarteak, erakundeak, bisitariak, irakurleak, entzuleak... Festa girotzen eskualdeko musikari eta artistak izan ziren, eta bertako ekoizleak arduratu ziren jan-edanaz.
Hamar urte bete dituen proiektua da ATARIA, eta esan daiteke bide onean ari dela pausoak ematen, ATARIA-ren komunitatea handituz baitoa egunetik egunera. Handitzearekin batera, ordea, indartzea ezinbestekoa du euskarazko hedabideak, eta hori proiektua babestuz, Atarikideak gehituz eta iragarleen babesa areagotuz lortzen da. Horrela baino ez da bermatuko Tolosaldeak euskarazko hedabide multimedia sendoa edukitzea, eta herritarrak euskarara gerturatzeko lanean jarraitzea.