Inoiz Amasa-Villabonako lurretan izan den borroka latzenetako bat duela 150 urte gertatu zen, 1873ko abenduaren 9an. Karlista eta liberalen arteko batailan 600 baja baino gehiago izan ziren egun bakarrean. Ondorio horretara iritsi da Aranzadi zientzia elkartea hiru urteko lanketaren ondoren. Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordeak eskatuta egin du ikerketa, eta aurten eman dituzte ezagutzera emaitzak. Informazio guztia herritarrei ezagutarazteko bataila gertatu zeneko lurretan ibilbideak markatu eta informazio panelak jarri dituzte.
Zortzi gunetan launa panel jarri dituzte. Orduko borroka lekuetara joateko ibilbideen hasierako puntuetan bana, Andoainen, Berastegin, Tolosan, Villabonan eta Amasan. Bataila gertatu zeneko beste hiru gunetan, berriz, Belabietan, Uzturren eta Amasako Meakako gurutzean —han izan ziren borrokarik latzenak— panel berezi bana jarri dute.
Hain justu, Meakako gurutzean, abenduaren 9an, bataila gertatu zeneko 150. urteurrenean Amasa-Villabonako Udalak egindako lore eskaintzarekin abiatu dituzte urtemuga gogoratzeko ekitaldiak. Erakusketak, hitzaldiak eta mendi ibilaldi gidatuak egin dituzte. Ekitaldi nagusia abenduaren 17an izan da Amasan bertan.
Informazio panelak ezarrita, eta ibilbideak prestatuta, itxi du Aranzadik hiru urteko ikerketa lana. Karlos Almorzarekin batera ikertzen aritu dira elkarteko kide diren Jexux Bidaola Txirrita eta Jose Luis Iraola Puxkas. Bide horretan lagun izan dituzte Joseba Salbador eta Manex Arrastoa ere. «Doktoretza tesi baterako baino gehiagorako ematen du Belabietakoak, edo film baterako ere bai», esan du Almorzak.
Adunako kanposantuan indusketak berrekin dituzte 'Kotoiaren emakumeak' proiektua Amasa-Villabonan
Aranzadi zientzia elkarteko kideak 1936an Adunako hilerrian lur emandako gorpu baten bilaketa lanak abiatu zituzten duela bi urte, baina ez zuten emaitzarik lortu; ahalegin horretan jarraitu dute aurten, eta kanposantu kanpoaldeko bigarren hezurtegia garbitu eta induskatu dute. Oraingo honetan ere ez dute indarkeria zantzua duen gorpurik topatu. Arrastoari jarraitzeko helduleku garrantzitsu bat dute, ordea: gerra garaian, 1936ko urriaren 17an Adunako parroko izandako Jose Andres Vicuña Aranburuk sinatu zuen dokumentua. Bezperan herriko bide batean aurkitu eta identifikatu gabeko gorpuari kanposantuan lur emateko baimena ematen du Vicuñak dokumentuan, eta zehazten du hildakoak burua tiroz josita duela. Aurrerantzean bilaketekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Aranzadi zientzia elkarteko kideek.
Villabonako Subijana oihalgintza enpresan aritu ziren emakumeei omenaldia egin diete aurten. Langile horien testigantzak jasoz Kotoiaren emakumeak izeneko erakusketa prestatu dute. Fanny Alonso da proiektuaren bultzatzaile nagusia eta Nerea Tuduri poetak, Maialen Porroy ilustratzaileak, Laura Bein idazleak eta David Argindar argazkilariak egin dute ekarpena, Mujeres del Algodon proiektua osatzeko. Emaitza nagusia diziplinarteko lanak biltzen dituen erakusketa izan da, aurten Gureako erakusketa gelan ikusgai izan dena. Hurrengo belaunaldiei historiaren ezagutza transmititzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte herriko ikastetxeekin. Oihal koloretsuak eta estanpatuak ziren Villabonan egiten zituztenak. Subijana lantegiak Gipuzkoa mailan sona handia izan zuen 80ko hamarkadan itxi zuten arte.
Behin behinean webguneak etenda
Apirilean Aranzadi zientzia elkarteak oroimenaren inguruan herriz herri osatutako webguneak desaktibatzea eskatu zien udalei. Galdakaon piztu zen polemika, PSE-EEren taldeak udal gobernuari Galdakao Oroimena webgunetik ETAko kideen izenak kentzea eskatu zionean, «giza eskubideen urraketen biktima gisa» agertzen zirelako bertan. Gerora, Covitek salatu zuen herri gehiagoren oroimen webguneetan ageri zirela ETAko kideak biktima gisa, eta tartean aipatu zituen Tolosa eta Amasa-Villabona. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak hilabeteko epea eman zien zenbait udali, atarian aldaketak egiteko.
Aurrena, Tolosako Udalak webgunearen bilatzailea desaktibatzea erabaki zuen, eta egun batzuk beranduago berdina egin zuen Amasa-Villabonakoak ere; bi udalek zehaztu zutenez, Aranzadi zientzia elkarteak horrela eskatuta hartu zuten erabakia.
Aranzadik esan du prest dagoela eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialekin lankidetzan aritzeko, «irizpideetan eta metodologian egin litezkeen aldaketei edo hobekuntzei buruzko hausnarketa bateratua egiteko beharra balute». Baina betiere «independentzia zientifikoz jardunez» ariko litzatekeela ohartarazi du. Oraingoz etenda daude webguneak.