Urtekaria 2023

Bi aldaketa nabarmen, udal hauteskundeetan

Ataria 2023ko abe. 29a, 19:59

Maiatzeko udal hauteskundeen ondoren alkate makilak ekainean banatu zituzten. ATARIA

EH Bilduk Tolosaldeko hamazazpi herritan bereganatu du alkatetza, PSE-EE-k batean, eta herri plataformek gainontzeko hamarretan. Horietatik hamahiru herri alkate berriarekin estreinatu dira 2023an.

Alegian eta Tolosan izan dira aldaketa aipagarrienak 2023ko Udal Hauteskundeen ondoren. EH Bilduk Tolosan alkatetza lortu du, EAJren lekua hartuz. Alegian, EH Bildu izan da alkatetza galdu duena, Aurrera Alegia herri plataformaren mesedetan.

Eskualdean ez da izan akordioetarako tarterik, eta boto gehien jaso dituzten hautagaiak izango dira alkate. Tolosaldeko 28 herrietatik hamahirutan alkate berriek hartu dituzte alkate karguak, beste hainbeste izan dira bigarren legealdiko alkatetza hartu dutenak, eta bitan laugarren legealdiari eman diote hasiera. Abaltzisketako Ion Zubizarreta Aldaia eta Asteasuko Pili Legarra Kortajarena dira laugarren legealdia hasi dutenak. Zubizarretak Herrigintza plataformaren eskutik jarraitu du alkatetzan, eta Legarrak Asteasu Batuzekin.

Bigarren legealdiari eutsi diotenak berriz, hamahiru dira: Albizturko Iñaki Orbegozo Arrospide; Alkizako Inaki Irazabalbeitia Fernandez; Altzoko Xabier Olano Jauregi (1987-1991 legealdian izan zen alkate); Amasa-Villabonako Beatriz Unzue Esnaola; Belauntzako Iñaki Telleria Bengoetxea (2019-2023 legealdiko azken zatian hartu zuen kargua); Elduaingo Oihana Amundarain Zubillaga; Ibarrako Igor Zapirain Lizarribar; Irurako Gorka Murua Macuso; Larraulen Maite Arana Perez; Leaburu-Txaramako Joxe Ramon Eizagirre Sorondo; Lizartzako Iñaki Azpiroz Beldarrain; Orendaingo Migel Anjel Arsuaga Azurmendi eta Orexako Gurutze Etxezabal Iturrioz (2019-2023 legealdiko azken zatian hartu zuen kargua).

Azken zerrenda honetatik bederatzi EH Bilduko hautagaiak dira, hiru herri plataformetakoak (Albiztur Bizirik, Alkizako Abertzale Ezkertiarrak eta Belauntzako Denok Bat) eta bat PSE-EE alderdikoa, Maite Arana Perez.

Aurpegi berriak daude eskualdeko beste hamahiru herritan: Adunan, Kristina Rodrigez Mendikute; Alegian, Regina Sorarrain Lasa; Amezketan, Mikel Arteaga Zabala; Anoetan, Egoitz Luisa Urkola; Baliarrainen, Ugaitz Garmendia Aurkia; Berastegin, Andoni Zuriarrain Iturbe; Berrobin, Aitzol Izquierdo Diaz de Gereñu; Bidania-Goiatzen, Joan Inazio Zinkunegi Urdapilleta; Gaztelun, Eider Olazar Elduaien; Hernialden, Luis Arana Goya; Ikaztegietan, Alba Garmendia Castaños; Tolosan, Andu Martinez de Rituerto Arregi eta Zizurkilen, Maite Amenabar Alkorta. Zortzi EH Bilduren hautagaiak dira, eta beste bostak herri plataformetakoak (Aurrera Alegia, Baliarraingo Auzolanean Bizirik, Berrobi Bizi, Bidania-Goiazko Ibiri eta Hernialdeko Herniope).

2019ko udal hauteskundeekin alderaketa eginda, EH Bilduk orduan hemezortzi alkatetza bereganatu zituen. Bestalde, kontuan izan beharra dago, orduan baino herri bat gutxiago izan duela aukeran oraingoan; izan ere, Bidania-Goiatzen EH Bilduk ez du zerrendarik aurkeztu, eta herri plataformak egon dira aukeragai bertan. Bidania-Goiatzen hamabi urtez EH Bildu agintean egon eta gero beraz, Ibiri taldeak hartu du agintea. Beste datu bat EAJri loturikoa da; izan ere, eskualdean ez du alkatetzarik lortu alderdi jeltzaleak.

Boto kopuruari erreparatuta, EH Bilduk 2019an 11.340 boto jaso zituen, eta aurten 11.276; hau da, 64 boto behera egin du. Zinegotzi kopuruan ere alderaketa izan du EH Bilduk. 2019an 107 eserleku eskuratu zituen eta maiatzean 108.

EAJ izan da Tolosaldean bigarren alderdi bozkatuena. 2019an 7.754 boto lortu zituen eta aurten, berriz, 5.945. Alderdi jeltzaleak 1.809 botoko galera izan du, beraz. Aipatu beharra dago, oraingoan, EAJ-k duela lau urte baino zerrenda gehiago aurkeztu dituela. Berastegin, Adunan, Leaburu-Txaraman eta Larraulen EAJ-ren aldekoek papeleta izan dute herrian aukeran.

Tolosaldeko eserlekuei begira jarriz gero, 2019an EAJ-k 34 zinegotzi eskuratu zituen. Oraingoan, 33 zinegotzi ditu eskualdean.

Orotara, Tolosaldean 222 zinegotzi postu bete dira. 2019ko kopuruarekin alderatuta, bi zinegotzi gehiago ditu eskualdeak jardunean. Izan ere, Belauntzan guztira bost zinegotzi izatetik zazpi zinegotzi izatera pasa dira.

Herri zerrendek presentzia handia dute. Herri plataformek guztira 68 zinegotzi eskuratu dituzte, eta hamar herritan aginte makila eurena da.

PSE-EE alderdiak zituen bi alkatetzatik Berrobi eta Larraul bakarra mantendu du: Larraul. EAJ-k herrian zerrenda aurkeztu du baina Maite Arana sozialista berretsi dute botoa eman duten herritarrek. Berrobin, ordea, Berrobi Bizi plataforma izan da zerrendarik bozkatuena. Honenbestez, sei zinegotzi eskuratu ditu eta PSE-EEk zinegotzi bakarra mantendu du Berrobin. Eskualdean, sozialistek jasotako boto kopuruak zertxobait behera egin du udal hauteskundeetan. 1.587 bototik 1.563ra pasa da.

Generoa eta abstentzioa
Hamar emakumezko eta 18 gizonezko dira Tolosaldeko alkateak, 2023-2027 legealdirako. Aurreko legealdiarekin alderatuta, beraz, kopuru berdinetan mantendu dira emakume-gizon agintariak.

2019ko errolda 36.235ekoa izan zen, eta 2023an 37.063koa izan da. Beraz, 828 pertsona gehiago deituta zeuden bozkatzera joateko. 2019an 23.876 boto zenbatu ziren guztira eta maiatzeko hauteskundeetan 21.634. Hau da, 2.242 gutxiago. Boto baliogabeak 287tik 353ra pasa dira aurten, eta zuriak 825etik 632ra.

Abstentzioa berriz, %31,04koa izan zen duela lau urte, eta aurtengo udal hauteskundeen bozketan %39,14koa izan da. Beraz, abstentzioak gora egin du nabarmen, herriz herri, zortzi puntuan. Hurrengo udal hauteskundeak 2027an izango dira, eta orduan jakingo da 2027-2031 legealdia aurrera eramateko ardura nortzuk izango duten.

Ukrainari elkartasuna

Urte hasieran, Tolosaldeko udalerri desberdinetan mobilizazioak egin dira Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkaren harira. Egoera salatzeko, Tolosan, beste hainbat herritan bezala, elkarretaratzea egin dute, eta udaletxe atarian udalbatzako alderdi politiko guztietako ordezkariak elkartu dira, hainbat herritarrekin batera.

Sarraskiaren amaiera

Urte amaieran, Palestinaren aldeko elkarretaratze eta manifestazioak egin dira eskualdean, sarraskiaren amaiera eta Palestinaren askatasuna eskatuz. Tolosaldean, mobilizazioak eragile desberdinek deitu dituzte. Deitzaileen artean, besteak beste, ezker abertzalea, Kontseilu Sozialista edota Gernika-Palestina ekimena ageri dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!