Bikote homosexual batek salatu zuen jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik jipoitu egin zituztela, maiatzaren 13ko asteburuan Villabonan. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta haiengatik urruntzen saiatu ziren; bietako baten izebari muturreko bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan ziren, eta orduan hasi ziren jipoiak. Polizia iritsi zen arte ez ziren gelditu.
Erasotuak Zizurkilen bizi dira, eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek deituta elkarretaratzea egin zuten, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean. Bi udalek, gainerako erakundeek eta alderdi politikoek gogor gaitzetsi zituzten erasoak, eta herritar ugari batu zen elkarretaratzean.
Bizi baldintza duinak bermatzeko
Amasa-Villabona herri «inklusibo eta parekidea» izateko, eta LGTBI kolektiboaren beharrei erantzuteko eta haien bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin, plan bat osatu du Eihera kooperatibak, udalarekin elkarlanean. Elkarrizketak egin dizkiete Amasa-Villabonako LGTBI komunitateko hainbat kideri, eta horien bidez lortu dute herrian dauden beharrak identifikatzea eta aztertzea, eta herritar horien beharrei «modu eraginkorrean» helduko dieten 43 neurri zehaztu dituzte.
4 urteko zigorra 13 urteko neskari erasotzeagatik
Gipuzkoako Auzitegiak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati 13 urteko adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik. 10.000 euro eman beharko dio kaltetuari, eta hamar urtez ezingo da harengana hurbildu. Gertakaria 2019ko abuztuaren 16ko goizaldean izan zen.
Eraso matxistak salatu dituzte Ibarran eta Tolosan
Tolosaldeko Itaiak San Joan bezperan gertatutako eraso matxista salatu eta elkarretaratzea deitu zuen, «antolakuntzarako beharra» azpimarratuz. Ibarran, berriz, uztailean, kiroldegian eraso matxista bat izan zela salatu zuen Itaiak, eta plazan elkarretaratzea egin zuen salatzeko.