Urtekaria 2023

Historikotzat jo dute greba feminista orokorra

Ataria 2023ko abe. 29a, 11:59

Villabonan egindako elkarretaratzea. ATARIA

Euskal Herriko Mugimendu Feministak lehenengo greba feminista orokorra deitu zuen azaroaren 30ean, zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko helburuz; herritar ugarik egin zuen bat deialdiarekin. 

Tolosaldeko mugimendu feministak historikotzat jo zuen azaroaren 30eko greba feminista orokorra, eta zaintza sistema publiko-komunitario baten alde urrats handia eman zela azaldu zuten. Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan bezala, eskualdean mobilizazioak izan ziren, eta Tolosak hartu zuen eskualde mailako manifestazioa. Bada, inoizko mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan zen, 1.500 lagun inguru batu zirelarik, eta une batean manifestazioaren buruak eta bukaerak bat egin zuten Trianguloan.

Greba orokor feministaren antolatzaileek esan zuten oso murritzak direla zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte zerbitzu publikoak, eta gainera, nabarmendu zuten instituzioetatik zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari direla. «Zaintza negozioa bilakatu dute. Horregatik esaten diegu funts putre, multinazional, eta irabazi asmoari eusten dioten enpresa zein instituzioei, uzteko gure bizitzekin negozioa egiteari».

Eskaera erakundeei
Era berean, etxeko langileen esplotazioa eta prekarizazioa salatu zuten grebalariek, eta esan zuten atzerritartasun legeak eta horri lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak, ez diela emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik eskaintzen.

Landa eremuari dagokionez, zaindu egin behar dela esan zuten: «Bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonona, bai eta naturarena ere. Landa eremuak zerbitzu sozialez hustu eta turismo eta aisialdiarako prestatu dituzte, bertako biztanleria ihes egitera bultzatuz». Aldi berean, Tolosaldeko mugimendu feministak bat egin zuen Euskal Herriko Pentsionisten mugimenduak aspalditik exijitzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskakizunarekin.

«Sistema kolapsatuta dago eta egoera larriei buelta eman behar diegu. Etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitarioa amesteko eta egikaritzeko unea da». Sistema publiko duina aldarrikatu zuten eskualdeko feministek, «osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena eta bizitzak erdigunean jarriko dituena».

Bestalde, mugimendu feministak eragile eta sindikatuekin batera Herri Akordio bat osatu duela gogoratu zuten, eta erakundeei deia luzatu zieten: «Euskal gobernuei zuzentzen ari gara, argi eta garbi: borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan ardura postu guztietan, zaintza sistema publikoaren bidean agenda markatu ezazue orain, bihar bertan. Ez egin entzungor gure eskaerei».

Greba feminista orokorra mugarri bat izan zela aipatu zuten deitzaileek, baina argi utzi zuten ez zela bere horretan geratuko den zerbait izango. «Indartsu aterako gara gaurkotik, eta antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dizkigu. Gure arteko aliantzak eraikitzen jarraituko dugu. Antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia».

Andragora zabalik

Apirilaren 1ean, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak zabaldu zituen bere ateak. Festa giroan izan da irekiera ekitaldia, eta herritar asko gerturatu da gunea bertatik bertara ezagutzera. Honela, Tolosaldeko mugimendu feministarentzat egun handia izan da, hainbat urtetako bidea eta gero errealitate bilakatu baita Andragora.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen irekiera unea. I. TERRADILLOS

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!