Urtekaria 2023

17.000 metro koadro eta espezialitate berriak

Ataria 2023ko abenduaren 29a

TOPA-k deituta manifestazioa egin zuten maiatzean. J.A.D.

Maiatzeko udal hauteskundeek erabat baldintzatu dituzte eskualdeko ospitale berriari buruzko albisteak; hauteskundeen aurretik Plan Funtzionala iritsi zen, baina gerora ia ez da albisterik ego.

Bukatzear den urteak ospitale publiko berriari buruzko albiste esanguratsuak ekarri ditu, guztiak maiatzaren 28ko udal hauteskundeak baino lehenago. Gerora ez da albiste gehiagorik plazaratu. Maiatza beraz, hilabete garrantzitsua izan zen gai honi lotuta. Batetik, TOPA-k deituta, eskualdeko osasungintzaren egoera salatzeko manifestazio jendetsua egin zen Tolosan. Osasun publikoaren aldeko plataformak eragile askoren babesa jaso zuen eta baita herritarrena ere; 2.000 herritar baino gehiagok egin baitzuen bat deialdiarekin. Manifestazioren bezperan albisteak egon ziren, gainera. Tolosako EAJ alderdiak agerraldia egin zuen, eta esan zuen Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritza Plan Funtzionala garatzen ari zela eta udalak HAPO-aren aldaketa gauzatzean proiektuak aurrera egingo zuela.

Hainbestetan entzundako Plan Funtzionala manifestazio jendetsua egin eta astebetera iritsi zen, albiste berriak iritsi ziren, maiatzaren 12an, zehazki. Tolosako Udalak Plan Funtzionala jaso zuela iragarri zuen, eta bertan zehazten dela eskualdeko premietara egokitutako ospitalea aurreikusten dutela. Besteak beste, ezaugarri hauek izango dituela iragarri zuten: ospitalizazio medikurako 50 ohe eta beste 20 oheko ospitalizazio-unitate bat susperraldirako eta egonaldi ertainerako, kirurgia txiki eta kirurgia handietarako anbulatorioa, 24 orduko larrialdi zerbitzua eta 18 espezialitate, eta Osasun Mentala eta Tokoginekologia bezalako zerbitzu berriak txertatuz. Iñigo Urkullu lehendakaria Tolosan egon zen hauteskunde kanpainaren barruan, eta bertan informazio gehiago eman zuen. «Bai, Tolosako ospitalea errealitatea izango da. Inbertsio hau konprometituta dugu. Ospitalea errealitate izateko prozesua martxan dago. Tolosako Udalarekin lan asko egin dugu. Orain, erantzuna dugu: 17.000 metro koadro izango dituen ospitalea; puntako zerbitzuekin; 18 espezialitate mediku eta kirurgiko izango dituena; 72 ohe arte izango duena; Tolosako eta Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publiko bikaina eskainiko diena... Hau da gure konpromisoa, EAJ-ren konpromisoa».

Hauteskundeak pasata ordea, ia ez da albiste berririk egon ospitalearen inguruan. TOPA-k esan izan du Plan Funtzionala «oso orokorra» dela, eta oso zaila dela eskualde mailako beste ospitaleekin konparazioa egitea «ez baita gainerakoak bezalako eskualdeko ospitalea izango». Horri lotuta, TOPA-k hainbat galdera egin zituen publiko ekainean: «Zertarako egin ospitale berri bat Asuncion klinika berrituta badago? Asuncion publifikatuta, EAE-ko gainerako eskualdeek bezalako arreta jasoko al genuke?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!