Zazpi aukera urtea korrika amaitzeko

Ataria 2023ko abe. 28a, 19:00

Alegian, Berrobin, Berastegin, Ibarran, Lizartzan, Tolosan eta Zizurkil-Villabonan antolatu dituzte lasterketak.

San Silvestreen edo Urte Zaharreko lasterketen txanda izango da igande honetan. Goizez nahiz arratsaldez, eskualdeko zazpi herritan korri egiteko aukera jarri dute. Adin guztietako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera, ibilbideak adinaren araberakoak izango baitira. Urteroko ohitura bilakatzen ari diren lasterketek antzeko egitaraua mantenduko dute aurten ere. Ibarran, adibidez, inskripzioarekin janari bilketa egingo dute. Hala eta guztiz ere, badira aldaketak, Lizartzan, adibidez.

LIZARTZAN, ALDAKETA

Ibilbide berria sortu dute Lizartzan, helduentzat egokitua. Orain arte haurren ibilbidea egiten zuten, itzuli gehiago emanez. Hasieran, gainera, lasterketa neutralizatua izaten zen. Hori ere aldatzea erabaki dute aurtengoan. Hasi eta buka bakoitzak ahal duen erritmoan joan beharko du. 5,5 kilometroko lasterketa izango da helduentzat prestatu dutena, hau da, zirkuitu berriari bi itzuli. Haurrek orain arteko ibilbidean jarraituko dute. Hasieran bizikletariaren atzetik eta amaieran, dena ematera. Bi ibilbide desberdin izanagatik, irteera guztiek batera hartuko dute, 16:30ean.

Izerdia bota ondoren, amaieran, txokolate beroa egongo da denentzat, eta baita parte hartzaileen artean egingo diren zozketak ere.

MOZORROAK

Zazpi lasterketa hauetan ziur jendea mozorroturik aterako dela, izan ere, hau ere ohitura bilakatzen ari da. Tolosako Elkartasun Krosa horren adibide garbia da. Abenduaren 31 iristean inauteriak gertu sumatzen dituzte inauterizaleek eta mozorro ikusgarriekin irteten dira korri egitera.

Berrobin ere ohitura hori bultzatu nahi dute Urte Zahar Martxan. Horregatik, mozorro onenari saria emango diote. Kasu honetan, korri egiteaz gain oinez ibiltzeko aukera egongo da. Helburua denak batera joatea izango da, baina bakoitza bere erritmo eta estiloarekin. Herriari emango zaion bira udaletxe aurretik hasiko da, eta ondoren, parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa egongo da.

ABENDUAREN 31KO LASTERKETAK

ALEGIA

11:00. XII. San Silvestre krosa herriko plazatik abiatuta.

ZIZURKIL-VILLABONA

15:30. Benjaminak. 2014-2015 urtean jaiotakoak.

15:45. Alebinak. 2012-2013 urtean jaiotakoak.

16:00. Infantilak. 2010-2011 urtean jaiotakoak.

16:00. Kadeteak. 2008-2009 urtean jaiotakoak.

16:30. Jubenilak. 2006-2007 urtean jaiotakoak.

16:30. Proba nagusia.

16:30. Beteranoak. 35 urtetik gorakoak.

BERASTEGI

18:00. XX. Urte Zahar krosa.

BERROBI

11:00. Urte Zahar Martxa. Herriari bira oinez edo korrika, udaletxetik hasita. Ondoren, hamaiketakoa. Mozorro onenari saria emango zaio.

IBARRA

16:00. Haurren lasterketa.

16:30. Helduen lasterketa.

LIZARTZA

16:30. Haurrak eta helduak batera irtengo dira, baina bi ibilbide desberdin izango dituzte. Amaitzeko txokolatea eta zozketak.

TOLOSA

15:30. Haurren lasterketa.

16:30. Helduak (Plaza Zaharretik) eta kadeteak (Solana kaletik). 5.050 metro. Sari banaketa, Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!