Aiztondoko udalek manifestaziorako deia egin diete herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 27a, 20:15
Aiztondo udal ordezkariek eginiko agerraldia. Villabonako Udala

Aduna, Asteasu, Alkiza, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udal ordezkariek Urte Zahar egunean euskal presoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko egingo den manifestaziora joatera deitu dute.

Sare herritarraren 'Konponbiderako giltza' dinamikaren barruan, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da, urtero legez, Aiztondoko Udalek babestuta, abenduaren 31n, 18:30ean abiatuta.

Kristina Rodrigez Adunako alkatea, Pili Legarra eta Larraitz Alkorta Asteasuko alkatea eta zinegotzia, Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea, Beatriz Unzue eta Xabat Laborde Amasa-Villabonako alkatea eta alkateordea eta Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea izan dira manifestaziora deitzeko agerraldian. Larraulgo udalak ez du deialdiarekin bat egin.

Aiztondoko udal ordezkariek euskal presoen eskubideen defendatzeko konpromisoa berresten dutela adierazi dute. Urruntze politikarekin amaitu izana nabarmendu dute: «Euskal alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialen ahaleginari esker, baina, batez ere, gizarte zibilaren bultzada irmoari esker, presoen urruntze-politika desagertu da, eta bidean aurrera urratsak eman ditugu urteotan: isolamenduaren eta urruntze politikaren amaieraz gain, biktima ezberdinen oinazera hurbildu, distantziak murriztu eta banatzen gaituzten horma ugari eraitsi ditugu».

Hala ere, euskal presoek pairatzen dituzten «eskubide urraketak» oraindik ez direla amaitu salatu dute: «Oraindik ezin izan dugu iraganaren atea behin betiko itxi. Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen dute: batetik, espetxeetako bizi baldintzek asko dute hobetzeko, ez da mediku asistentzia egokia bermatzen eta birgizarteratzeko baliabide gehiago behar dira. Bestetik, euskal presoei bereziki, salbuespenezko legedia ezartzen zaie. Espainiako justizian nagusi diren sektore ultrek teknikoak izan behar luketen erabaki judizialak eskuin-muturraren arma gisa erabiltzen dituzte, euskal presoei behin eta berriro gradu aldaketak eta baimenak ukatuz, espetxeetako tratamendu batzordeek aho batez emanak izan arren.
Espetxean bi hamarkada, edo hiru ere, bete dituzten presoek hirugarren gradua eta erdi-askatasuna lortu arren, behin eta berriro ikusi dugu espetxeratu egiten dituztela, bigarren gradura bueltaraziz. Azken aldian, gainera, fiskaltzak helegitea jarri orduko geratzen da bertan behera gradu aldaketa. Hori ez da justizia. Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuenetik hirugarren gradura eta erdi-askatasunera igarotzea onartu dien 50 presoetatik 10i behin betiko ukatu diete gradu aldaketa eta beste 6ri behin behinean. Beste hainbat daude zain».

Bada, Aiztondoko udal ordezkariek «tinko» salatzen dituztela adierazi dute «euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresioak. Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik».

Ahalik eta azkarren euskal presorik gabeko eszenatoki bat lortzeko itxaropena plazaratu dute udal ordezkariek, «hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena».

Herritarrei dei egin diete igandean, abenduaren 31n, Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek  deituriko manifestazio isilean parte hartzera. 18:30ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko dira, eta Villabonako Erreboteko plazaraino iritsiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!