Lehen garaipena Altunarentzat, binakako txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 23a, 11:18

Pilotari amezketarrak eta Julen Martijak, partida bikaina jokatuta, 22-11 irabazi zieten Lasori eta Arangureni, Donostian jokatutako partidan; Artolak ere garaipena lortu zuen, Tolosaren aurka. Gaur Jakaren eta Peña II.aren txanda izango da. 

Jokin Altuna pilotari amezketarrak binakako txapelketako lehen puntua lortu zuen atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, bosgarren jardunaldiko partidan. Julen Martijarekin bikotea osatuz, 22-11 irabazi zuten Laso-Aranguren bikotearen aurka. Lehen tantoetan nagusi izan ziren Aspekoak, eta lauzpabost tantoko aldea irekitzea lortu zuten. Hala ere, segituan etorri zen Baiko Pilotakoen erreakzioa. Lehen atsedenaldi luzera, baina, lau tantoko aldearekin heldu ziren Altuna eta Martija: 12-8. Handik aurrera, irabazleentzat errazagoa izan zen bigarren zatia. 18ra zuzenean joan ziren, eta azken tantoetan, urdinek ezin izan zieten harrapatu markagailuan.

Partida bikaina jokatu zuen Altunak; ez zuen tanto bakar bat bera ere galdu. Martijak ere lan oso ona egin zuen atzeko koadroetan, bai defentsan, baita erasoan ere. Baiko Pilotako bikoteak, berriz, tanto asko galdu zituen, batez ere, erasokor jokatu zutelako. Unai Laso nahiko irregular aritu zen; zenbait tanto egin bazituen ere, hutsak ere ia beste hainbeste. Arangureni, une askotan, frontoian ondo kokatuta egotea falta izan zitzaion.

Atzo, Binakako Txapelketako beste partida bat jokatu zen Arrasateko Uarkape frontoian. Iñaki Artola alegiarrak eta Imazek, partida ona jokatuta, garaipena lortu zuten Ezkurdia-Tolosa bikotearen aurka: 22-18. Ez zen partida erosoa izan Aspeko pilotarientzat, uneoro atzetik joan baitziren markagailuan. Lehen zatian nagusi izan ziren Artola eta Imaz, eta aurretik heldu ziren lehen atsedenaldi luzera: 12-7. Ondoren, baina, aurkarien erreakzioa heldu zen. Izan ere, 17na berdintzea lortu baitzuten. Bigarren atsedenaldi luzera, ordea, irabazleak heldu ziren aurretik, eta ondorengo tantoetan gehiago asmatu zuten. Azkenean, garaipen garrantzitsua lortu zuen Baiko Pilotako bikoteak.

Gaur, lidergoa jokoan

Gaur ere txapelketako partida izango da, kasu honetan, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lidergoa jokoan izango da, une honetan maila onenean dauden bi bikoteen artean: Jaka-Mariezkurrena II eta Peio Etxeberria-Zabaleta. Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Mariezkurrenak oraindik ez dute partidarik galdu; lautik lau irabazita, sailkapeneko lehen postuan daude. Aspeko bikoteak, berriz, orain arte jokatutako lau partidetatik hiru irabazi ditu. Serie B Txapelketako partida jokatuko dute, Salaberria-Arbizu eta Zubizarreta III - Ugartemendia bikoteek.

Elordi-Rezusta bikotea da lautik hiru irabazi dituen bestea. Hauek ere gaur jokatuko dute, hain justu, Jon Ander Peña tolosarraren eta Jon Ander Albisu ataundarraren aurka. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da partida. Aurrez, Serie B Txapelketako partidan, Asier Agirrek eta Martxel Iztueta tolosarrak, Egiguren V.aren eta Eskuzaren aurka jokatuko dute.

Asteartean, Tolosan

Hain justu, asteartean, hilak 26, Tolosako Beotibar frontoian elkarren aurka jokatuko dute atzo jokatu zuten bikoteetako bik: Altuna III-Martija eta Artola-Imaz bikoteek. Seigarren jardunaldiko lehen norgehiagoka izango da, 16:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida. Aurretik, Serie B Txapelketako partida jokatuko dute Zubizarreta III - Ugartemendia eta De la Fuente - Bikuña bikoteek, eta partida nagusiaren ondoren, Elezkano II.ak eta Erostarbek, Zabalaren eta Aldaberen aurka jokatuko dute. 50 sarrera inguru bakarrik geratzen dira salgai, eta beraz, harmailak gainezka egotea espero da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!