Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, Gasteizko Europa jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. Atzoko sari banaketan, ziurtagiriak jaso dituztenen artean dago Tolosaldeko Komunikazio Taldea, ATARIA eskualdeko komunikabidea argitaratzen duen enpresa.
Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak eta bide horretan lehen pausoa emanda eskuratu du diploma Tolosaldeko Komunikazio Taldeak, banatu ziren 57 diplometako bat lortu zuen. Azken bi urteetan lanketa handia egin ondoren iritsi da aitortza eta hemendik aurrera ere bide horretan urratsak ematen jarraitzeko asmoa dutela aipatu dute erakundeko ordezkariek.
Kudeaketa Aurreratuaren Eredua
Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea. Sari banaketarekin, praktika aurreratuak dituzten eta beren interes taldeen asebetetze orekatuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak. «Sarien helburua da kudeaketan aurreratuenak diren erakundeak identifikatzea eta aintzat hartzea, era horretan Euskadiko sare sozioekonomikoa Kudeaketa Aurreratuak lehiakortasunean duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko», adierazi dute sariaren sustatzaileek.