Euskal Herriko kaleak giltzez betetzera deitu du Sarek

Ataria 2023ko abe. 20a, 11:59

Euskal presoenganako salbuespenen neurriek jarraitzen dutela dio; Tolosan igandean eta Amasa-Villabonan abenduaren 31n izango dira deitu dituzten eskualdeko mobilizazioak.

Euskal presoen urrunketaren amaieratik «fase berri batean» kokatu garela dio Nahikari Iturbe Sare herritarreko kideak. Dena den, salbuespenak oraindik indarrean dirauela, «behin eta berriz» dio. «Horregatik, salbuespen legediaz ari garenean gizarteari zer den azaltzeko zerbait egin behar genuela konturatu ginen, eta behin hori gaindituta zein pauso eman beharko genituzkeen konponbidera edo elkarbizitzara eramango gaituen gizarte bat eraikitzeko». Hain zuzen, urrian Konponbiderako giltzak! lelopean aurkeztu zuen dinamika berria Sarek, eragile sozial, politiko, sindikal eta norbanako ezagunekin batera.

Salbuespen politikak euskal presoen gain jarraitzen duela dio Iturbek. EAEko Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartutako 387 gradu progresioetatik, fiskaltzak hamar kasuetan jarri du helegitea; hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak kasuen %60tan jarri du helegitea. «Datuak objektiboak dira eta salbuespena existitzen ez dela eta urrunketarekin guztia amaitu zela diotenek bertan ikusi dezakete salbuespen badela euskal presoen kasuan».

Iturbek dio hirugarren gradu hori ez dela zerotik etortzen: «Badaude eman beharreko pausoak presoek hirugarren gradu hori lortzeko, eta Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradu hori onartu arren, azken hitza beti Espainiako Auzitegi Nazionalak du. Beraz, hor sortzen da bi erakundeen arteko talka, Madrilera iritsi eta sistematikoki helegitea jartzen zaiolako erabaki horri».

Juan Karlos Subijana euskal presoaren egoera aipatu du Iturbek: «Preso arabarraren kasuan, bere osasun egoera larria zela eta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zion, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren helegiteak zioen bere kondenaren erdia soilik zuela beteta eta ez zegokiola hirugarren gradu hori». Beraz, Auzitegi Nazionalaren Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Basauriko kartzelara itzularazi zuen gasteiztarra, bigarrengoz, hirugarren gradua emateko ebazpenaren aurka Fiskaltzak aurkeztutako helegiteagatik. «Hiru laurdenak erruz beteta dituzten presoei soilik ematen zaie hirugarren gradua, eta gasteiztarrari bere osasun egoera oso larria zelako eman zitzaion aurretik», azaldu du.

Egoera horrek presoengan «ezinegona, estresa eta beldurra» sortzen duela dio Iturbek, «kontuan hartuta hirugarren graduan dagoen presoa kalera ateratzen denean, lan mundura egin behar duela salto». Izan ere, presoen birgizarteratzea zaila dela dio, «eta are eta zailagoa izaten da bidea behin eta berriz oztopatzen dizutenean». Legeak birgizarteratzean sinisten duela eta preso guztiek horretarako eskubidea dutela gogoratu du.

Etorkizunari begira

Dinamika horretan iraganeko ateak itxi eta etorkizunari ateak irekitzeko unea dela dio Iturbek: «Iraganean sortutako min guzti horiek ixtea dagokigu, ahanzturan erori gabe eta akatsetatik ikasiz. Guztiak aurrera egin behar du eta, etorkizuneko konponbiderako giltzak eskuartean, elkarbizitzara eta konponbidera eraman behar dugun gizartea bateratzea dagokigu. Euskal gizarteari dagokio giltza horiek eskutan hartzea eta, nola ez, euskal preso horiek euskal gizartera ekartzea berriz».

Dinamika horretan leku egin nahi izan diete indarkeria ezberdinek sortutako biktimei ere, «beraiek ere egia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubide hori lehen lerroan jartzea baitzen gure beste helburuetako bat».

Sarek urte luzez darama lanketa honekin, baina Iturbek argi du «euskal presoen eskubideen lanketarekin amaierara arte jarraitzea tokatuko zaigula guztia konponbiderako bidean eraman nahi badugu».

Datozen mobilizazioak

Euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herrira itzultzeko bidea egin dezaten giltza herritarren eskuetan dagoela uste du Sarek. Horregatik, urrian aurkeztu zuten manifestuari atxikimendua emateko gonbidapena luzatu du Giltzak.sare.eus webgunearen bitartez.

Era berean, datozen astetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du: Abenduaren 31an, Martuteneko espetxetik eta Basauriko espetxetik abiatuko dituzte mobilizazioak; eta urtarrilaren 13an, Bilbon izango dute hitzordu nagusia.  Eskualdean ere izango dira mobilizazioak: igandean, abenduaren 24an, Tolosan 18:45ean, eta abenduaren 31n, 18:30ean, Amasa-Villabonan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!