Migratzaileen aurkako zurrumurruen aurka, kontzientzia pizteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko abe. 13a, 07:59

Behibi's antzerki konpainiaren 'Bueltaka' antzezlaneko une bat. Argazkia: Behibi's antzerki konpainia.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, Giza Eskubideen eta Pertsona Migratzaileen nazioarteko egunen testuinguruan, lau ekitaldi antolatu ditu egunotan.

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu zen; hilaren 18an, berriz, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Bi egun seinalatu horien testuinguruan, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipo eta zurrumurruak ekiditeko nahiz atzerrian bizi diren errealitateen berri emateko, lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, eskualdeko elkarteekin elkarlanean eta Amasa-Villabonako, Tolosako eta Zizurkilgo udalen laguntzarekin. Ekitaldi hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin ari dira aurrera eramaten.

Pasa den abenduaren 2an, larunbata, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, Behibi's antzerki konpainiaren eskutik Bueltaka antzezlanaz gozatzeko aukera izan zen. «Migrazioa eta ingurumena uztartzen dituen antzezlana da, 5 urtetik gorako haurrei bideratutakoa, eta gutxi gorabehera, 50 haur eta heldu baino gehiago bertaratu ziren Zizurkilgo saiora», adierazi dute antolatzaileek.

Gaur izango da hurrengo ekitaldia, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, 09:30etik aurrera, Behibi's antzerki konpainiaren eskutik, Murren bidaia antzezlana izango da ikusgai. Villabonako hezkuntza komunitateari zuzendutako txotxongilo saioa izango da; hori dela eta, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako 130 ikaslek gozatu ahal izango dute saioaz. «Egiazko hizkuntza baten bitartez, antzezlanak migrazio mugimenduen inguruko estereotipo, aurreiritzi eta hazten doazen zurrumurruek sortzen dituzten zailtasunak planteatzen dizkigu».

Gaur baita ere, Tolosako Ereite kultura anitzeko elkarteak antolatuta, Migrazioari lotutako testigantzak hitzaldia egingo dute Tolosako kultur etxeko areto nagusian. 18:00etan hasiko da saioa eta gaztelaniaz izango da.

Azkenik, hurrengo astean, hilaren 18tik 22ra, Nazioarteko Elkartasuna elkarteak antolatutako Afrikako emakumeak, inspiratzen duten emakumeak erakusketa izango da ikusgai Amasa-Villabonako Gurea antzokiko erakusketa aretoan. Astelehenetik ostiralera izango da erakusketa bisitatzeko aukera, 18:30etik 20:30era. «Historia aldatu duten eta inspirazioz betetzen gaituzten Afrikako emakumeak eta beraien ekarpenak jasotzen dira erakusketan», azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!