Goiko postuetan jarraitzen du Jakak binakakoan

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 11a, 16:59
IƱaki Artola eta Imaz, asteburuan, Elordi eta Rezustaren aurkako partidan. BAIKO PILOTA

Hirugarren partida ere irabazi egin dute Jakak eta Mariezkurrena II.ak, oraingoan Altuna III.a ordezkatzen ari den Elezkano II.aren eta Martijaren aurka.

Binakako Pilota Txapelketaren hirugarren jardunaldiko partida gehienak jokatu dira asteburuan, eta Erik Jaka lizartzarrak eta bere bikotekide Mariezkurrena II.ak goiko postuetan jarraitzen dute. Hiru partidetatik hirurak irabazi dituzte, eta azken jardunaldian Jokin Altuna amezketarra ordezkatzen duen Elezkano II.a eta Martijaren aurka lortu dute garaipena, 9-22. Bigarren postuan daude Jaka eta Mariezkurrena II.a, lehen postuan doazen Elordi eta Rezustarekin berdinduta garaipenetan. Bien bitartean, Altuna III.a eta Martija azken postuan daude sailkapenean, hiru partidak galduta.

Iñaki Artola alegiarrak eta bere atzelari Imazek itxura ona eman dute Elordi-Rezustaren aurka hirugarren jardunaldian, baina azkenean 22-17 galdu zuten. Hori horrela, oraingoz laugarren postuan daude, garaipen batekin.

Txapelketan dauden eskualdeko beste bi pilotariak elkarren aurka jokatuko dute oraindik jokatzeke dagoen hirugarren jardunaldiko azken partidan. Ezkurdia eta Xabier Tolosa anoetarra eta Jon Ander Peña tolosarra eta Albisu asteazkenean ariko dira elkarren aurka, 17:00etan hasiko den jaialdian, Urretxun. Bi bikoteek partida bana irabazi dute orain arte, eta irabazleak sailkapeneko laugarren postuan jarriko dira.

Binakako Serie B Txapelketa

Bigarren mailako txapelketan eskualdeko bi pilotari ari dira lehian. Agirre eta Martxel Iztueta tolosarra lehen postuan doaz, hiru partidak irabazita. Azkenekoan Iztuetak ez zuen jokatu, eskuetako minez zegoelako, eta bere ordez Salaverri II.ak jokatu zuen. Agirrek eta Salaverri II.ak 22-12 irabazi zieten Salaberria eta Arbizuri.

Gorka Ugartemendia alkizarra eta bere aurrelari Zubizarreta III.a ondo ari dira txapelketan, orain arte jokatutako bi partidak irabazita, eta ondorioz bigarren postuan daude sailkapenean. Urretxun jokatuko dute asteazkenean hirugarren jardunaldiko partida, Egiguren V-Eskuza bikoaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!