Tolosaldeko hainbat erakunde bisitatu dituzte bi europarlamentarik

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 7a, 15:57

Korsikako François Alfonsi eta Bretainiako Lydie Massard Adunako Elkar fundazioaren egoitzan, Tolosaldea Garatzenen eta Alkizan izan dira goizean; biak dira Europako Berdeak-ALE talde parlamentarioko diputatu.

Europako Parlamentuko Berdeak-ALE talde parlamentarioko François Alfonsi diputatu korsikarra eta Lydie Massard diputatu bretainiarra Tolosaldean izan dira gaur. Kulturgintzan eta ekonomiaren alorrean garatzen ari diren proiektu nagusiak bisitatzeko helburuz gerturatu dira Euskal Herrira eta gaur goizean Adunako Elkar fundazioaren egoitza, Tolosaldea Garatzen eta Fagus-Alkiza interpretazio zentroa bisitatu dituzte. Haiekin batera etorri da, Berdeak-ALE taldeko hezkuntza eta kultura aholkulari den Olga Perez Vitoria tolosarra.

Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkate eta europarlamentari izandakoak gonbidatuta etorri dira Tolosaldera Alfonsi eta Massard. "Berdeak-ALE taldean interes handia dago kultur esparruan garatzen diren proiektu berritzaileak ezagutzeko. Bi kide hauek Durangoko Azokaren oihartzuna bazuten eta interesgarria iruditu zitzaien bisita bat antolatzea ekimen hau ezagutzeko". Bihar joango dira azokara. Lehenagotik ordea, Tolosaldean egin dute geldialdia eta Irazabalbeitiak esan du bi parlamentariak "txundituta" geratu direla Adunan egoitza duen Elkar fundazioaren lana bertatik bertara ikusita. "Bai François eta bai Lydie gutxitutako bi hizkuntza dituzten nazioetatik datoz eta konprobatu ahal izan dute kulturaren industrian erreferentea den enpresa bat egon badagoela Euskal Herrian", esan du Alkizako alkateak. 

Alfonsik aspalditik ezagutzen du Euskal Herria eta maiz etorri izan da hemengo dinamikak ezagutzera. Euskal kulturak duen "dinamikotasuna" azpimarratu du korsikarrak. "Gure herrialdean ere saiatzen ari gara liburuaren sektorea indartzen. Elkar fundazioaren esperientzia ikusita ideia batzuk bururatu zaizkit, gure errealitatera egokituta, horrelako jarduerak han sustatzeko. Eta zergatik ez, arlo horretan ere aritu gaitezke elkarlanean euskaldunak eta korsikarrak".

Bretainiako europarlamentari den Massardek ere Elkar fundazioan izan duten bileraren harira esan du "eredugarria" iruditu zaiola bertako lana: "Helburua euskal kulturaren sustapena izanik gai izan zarete elkarlanean gauzak egiteko eta sormena erabiliz urrunago joateko". Bretainiarrak nabarmendu du eskuduntzen inguruko eztabaidaz harago , "konpromisoa egonez gero", proiektuak atera daitezkeela aurrera. Tolosaldea Garatzeneko adibidean jarri du arreta eta interes handiarekin jarraitu du bertan egiten duten lana.

Irazabalbeitiak lagundu die eskualdeko garapen agentziara, Tolosaldea Garatzeneko zuzendaritzako kide ere badelako. "Ikusi dute eskualde sentimendu bat badagoela hemen eta udalentzako lan inportantea egiten duela garapen agentziak". Korsikako herri txiki bateko alkate da Alfonsi eta arretaz entzun ditu Irazabalbeitiaren azalpenak, landa eremuko herrien garapenerako zein bide asmatu dituzten azaldu duenean.

Arratsaldean euskararen normalizazioaren esparruan erreferente den Elhuyar fundaziora egingo dute bisita, eta bihar, esan bezala, Durangoko Azokarako itzuliarekin amaituko dute hiru eguneko bidaia Euskal Herrira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!