Eskualdeko saltokien egoera energetikoa aztertu dute

Ataria 2023ko abe. 6a, 09:28

Tolosa, Villabona (irudian), Zizurkil eta Ibarrako hainbat saltoki aztertu dituzte.

Tolosaldea Garatzen agentziaren Piztu Tolosaldea estrategiaren barruan Tolosa, Villabona, Zizurkil eta Ibarrako hainbat saltokiren egoera energetikoa aztertu dute. Azterketa horien ondorio nabarmenena da  aztertu dituzten 18 saltokietan, urtean, 16.487,66 euro aurrezteko aukera dutela, bataz beste %17,9ko aurrezpena suposatuko lukeena.

Tolosako 11 saltoki, Villabonako 5 saltoki eta Zizurkil zein Ibarrako saltoki banak hartu dute parte proiektuan. Saltokien egoera energetikoa aztertu dute eta aurrezpen energetiko eta ekonomikorako hobekuntza proposamenak egin dizkiete. Azterketa horien ondorio nabarmenena da aztertu dituzten 18 saltokietan, urtean, 16.487,66 euro aurrezteko potentziala dagoela, bataz beste %17,9ko aurrezpena suposatuko lukeena.

Proiektuak bi atal nagusi izan ditu. Batetik, saltokietara bisita teknikoak egin dituzte establezimendu bakoitzeko egoera bertatik bertara aztertu ahal izateko: argiteria eta erregulazio irizpideak, hotz ekipoak, makina elektrikoak, klimatizazio sistema, establezimenduaren isolamendua, ur bero sanitarioaren erabilera, eta abar. Bestetik, saltoki bakoitzeko elektrizitate kontratuaren azterketa egin dute: kontratatuta  duten potentziaren egokitasuna, kontsumo nagusiak zein ordutegi-tartetan egiten diren, eta abar. Lortutako emaitzen arabera, saltokiei hobekuntzarako proposamenak luzatu dizkiete, euren faktura elektrikoaren kostua gutxitzeko helburuarekin, hain zuzen.

Proiektua, Piztu Tolosaldea Energia Estrategia barruan kokatzen da, Tolosaldea Garatzenek dinamizatzen duena. Tolosaldea Garatzen garapen agentziak urteak daramatza energiaren arloan sektore ezberdinei zuzendutako aholkularitza-jarduerak eskaintzen. Izan ere, beste sektore ekonomiko batzuetan geratzen den moduan, energia-gastuak establezimenduen gastu orokorraren zati garrantzitsua ordezkatzen dute eta ezinbestekoa da gure saltokiak zein egoeratan dauden jakitea eta hortik abiatua, energia aurrezteko nahiz arduraz erabiltzeko neurriak ezartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du proiektua eta eskualdeko merkataritza elkarteek eta udalek lagundu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!