Eskualdeko uzta Durangon DA!

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 6a, 07:59

Igandera arte, 267 erakusmahaietan banatuta, 950 nobedade izango dira Durangoko Azokan; eskualdeko idazle eta musikariek euren lan berriak aurkeztuko dituzte bertan

Gaurtik igandera Fantasia da lelopean egingo dute dute Durangoko Azokaren 58. edizioa. Guztira 950 nobedade izango dira eskura eta 265 ekitaldi aukeran. Aurtengo azoka «mamitsua eta aktuala» izango dela eta bogan dauden joerak jasoko dituela esan dute Gerediaga elkarteko kideek.

267 erakusmahaietan banatuko da aurtengo liburu, disko eta abarren eskaintza eta 170 partaide izango dira bertan: 689 liburu, 179 disko, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen. Musika produktuen hazkundean egin dute azpimarra azokako arduradunek, iaz baino 38 ale gehiago izango direla nabarmenduz. «Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra», esan dute antolatzaileek. Tolosaldeak ere jarriko du bere aletxoa genero horretan. Yurre Ugarte tolosarrak Julen Ribas ilustratzailerekin batera Iris XXI. Hondamendiaren ostean izeneko album ilustratua sortu eta Txalaparta argitaletxearekin argitaratu du. Ostiralean, 12:30ean egingo dute liburuaren aurkezpena Ahotsenean.

EGITARAU ANITZA ETA GAZTEA

Ez da aurkezpen ekitaldi bakarra izango. Iñaki Irazu poetak Zakur zaunkak bere bigarren lana aurkeztuko du, gaur, Ahotsenean, 18:30ean. Liburuan 20 poesia bildu ditu egile asteasuarrak. Ostiralean, berriz, Ura saltoka liburuaz ariko da toki berean, 13:30ean Juan Kruz Igerabide adunarra.

Hain zuzen, gaurtik aurrera, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute Durangoko Azokara gerturatzen direnek. Gerediaga elkartetik esan dute egitarau «anitza eta gaztea» dela. Askotariko estilo eta gaiak topatuko dira eta gaztea dela nabarmendu dute, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Ostiraleko eguna haiei eskainiko zaie, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.

Plateruenean aurkeztuko dituzte gazte horietako askok euren lan berriak. Ianire Aranzaberen Esanezin taldeak Erretratu bat diskoa aurkeztuko du gaur 13:20an. Altzagarateko musikariarekin batera aritzen dira taldean, besteak beste, Ander Zubillaga eta Iñigo Asensio tolosarrak. Bide batez, Asensio buru duen Postal kolekzionistak taldeak ere Ezusteko kantak lana aurkeztuko du gaur Ahotsenean 16:50ean.

Kadira taldearen izen bereko diskoa da aurtengo beste nobedadeetako bat. Aritz Aramendi bidaniarrak parte hartzen du taldean eta diskoa jendaurrean bihar aurkeztuko dute Plateruenan, 14:30ean. Eta gainerakoan, Xabier Zeberiok, Tenporak, Habik eta Nikotinak ere euren lan berriak jarriko dituzte salgai Durangoko Azokako erakusmahaietan.

GERTURATZEKO GONBITA

Durangora gerturatzen direnek ordu erdiro doako autobus zerbitzua izango dute Iurretako autopista irteera aldameneko aparkalekutik Landako ingurura. Igandean ez da zerbitzu hori eskainiko eta azokak 18:00etan itxiko ditu ateak. Gainerako egun guztietan 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik.

Behin azokak ateak ixten dituenean, astelehenik aurrera, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendetara helduko dira, tartean Villabonako Basajaun eta Tolosako Elkar liburu dendetara. Bien bitartean Durangorako gonbita luzatu du Gerediako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak: «Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, esna amets egitera… Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera».

DISKOAK

  • Folklorea - Euskal musika
    • Pause. Xabier Zeberio.
  • Pop-rock
    • Ama. Tenpora.
    • Erretratu bat. Esanezin.
    • Zubiak. Isidro Larrañaga Musika Eskolako ikasleak.
    • Ohartu. Habi.
    • Kadira. Kadira.
  • Jazz-blues
    • Itsasoan elurra. Ander Zubillaga.
  • Musika klasikoa
    • Subh. Euskal Barrok Ensemble.
  • Haur musika
    • Euskelelea. Enrike Solinis.
  • Kantautoreak
    • Ezusteko kantak. Postal kolekzionistak.
    • Sahara kantari. Zenbait egile.
  • Hip-hop, rap
    • Mila kolore. Nikotina.
  • Disko-liburua
    • Hautsi da anphora. Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika.

LIBURUAK

  • Narrazioak
    • Paradisuaren kanpoko aldeak. Bernardo Atxaga.
  • Poesia
    • Ni ez naiz hamalau. Karlos Linazasoro.
    • Zakur zaunkak. Iñaki Irazu.
  • Saiakera
    • Ura saltoka. Juan Kruz Igerabide.
  • Komikia
    • Iris XXI. Hondamendiaren ostean. Julen Ribas & Yurre Ugarte.
  • Haur-gazte literatura
    • Holaxe bizi da Xola. Bernardo Atxaga.
    • Ilargiaren xuxurla. Juan Kruz Igerabide.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!