Gehigarria: gabonak

Kontsumitu bai, baina zentzuz eta arduraz

Ataria 2023ko abe. 5a, 19:59

Askotan Gabonetan behar dena baino gehiago kontsumitzen da. Hori ekiditeko eta modu jasangarrian kontsumitu ahal izateko hainbat gomendio bildu ditu 'Ataria'-k. Lehen pausoa erosketak aldez aurretik antolatzea da, behar dena eta xahutu ahal den diru kopurua aurrez zehaztuta.

Gabonetako kontsumoari buruz egin den ikerketa baten arabera, Espainiako estatuan batez beste 601 euro gastatuko dira etxe bakoitzeko: 241 euro oparitan, 173 euro otordutan, 105 euro bidaietan eta 82 euro aisian. Kopuru horiek %5-%10 altuagoak izan litezke Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Kontsumitzaileen Alkartearen (EKA) arabera. Hori dela eta, komeni da hainbat gomendio jarraitzea eta gehien kontsumitzen den urteko garai honetan tentuz erreparatzea erosten den horri.


Adituek diote Gabonetan modu jasangarrian kontsumitu ahal izateko planifikazio gehiago behar dela. Horregatik errepikatzen dute aurrez pentsatu behar dela zer erosi eta oparien kasuan praktikotasunari erreparatu behar zaiola. Horiek horrela, benetan behar dena erosteko aholkatzen dute, aprobetxatuko diren eta ordaindu ahal diren erosketen zerrenda prestatzea komeni da, horietarako aurrekontu bat zehaztuz eta hori ez gainditzen ahaleginduz. Horrekin batera produktu guztiak leku eta saltoki berean ez erosteko aholkatzen dute, eta ahal bada erosketak aurreratzea gomendatzen dute, baita hainbat egunetan egitea, eta ez guztia egun bakarrean.

Bada beste aholkurik ere: saltoki fisikoak aukeratzea eta online erosketak murriztea. Era berean, eskudirutan ordaintzearen alde egiten dute, txartelarekin ordainduz gero, errazagoa baita kopuruari ez erreparatzea. Hala ere, zenbait erosketa online egin nahi izanez gero, aurreordainketako edo diru kopuru mugatua duten txartelekin ordaintzea gomendatzen dute, bankuko kontu korronteari atxikitako txartelarekin ordez.

Gabonetan egiten diren oparietako asko haur eta gazteei bideratutakoak dira eta horien kasuan adituek diote jostailuen segurtasuna zaindu behar dela eta bideojokoen edukiak zein gomendatutako adinak kontrolatu behar direla.

Gabonetan opari asko egiten badira ere, ez da hori gastu bakarra, otorduetan diru asko xahutzen baita. Horri begirako hainbat gomendio egiten dituzte. Esate aterako, janaria izoztea aholkatzen dute Gabonen aurreko azken txanpan gehien garestitzen dena elikagaiak baitira. Menuak aurretiaz prestatuz, elikagaiak aste batzuk lehenago erosiz eta etxean behar bezala izoztuz, diru asko aurreztu daitekeela esan dute. 

GOMENDIOAK

  • Erosketak planifikatu. Erosketak planifikatzea eta dena batera ez erostea; ez itzazu erosketak utzi azken ordurako. Behar duzunaren zerrenda bat egitea komeni da.
  • Aurrekontu bat egin. Aurrekontu bat egitea gehiegizko eta azaleko gastuak kontrolatzeko. Erabilgarri dugun aurrekontura premiak egokitzea.
  • Txartelak tentuz erabili. Txartelak buruarekin jokatuz erabiltzea.
  • Otorduak antolatu. Janaria aldez aurretik erostea, eskaintzak aprobetxatuz eta Gabonak gertu daudenean garestitu ohi diren elikagaiak (mariskoa, haragia eta arraina) izozkailuan sartuz.
  • Jostailu egokiak erosi. Jostailuak aukeratzean, haurraren adina kontuan hartu behar da, eta sexismoa saihestu. Beti aintzat hartu behar da segurtasuna, eta horretarako ziurtatu egin behar da produktuak etiketatuta daudela, segurtasuneko oharrak eta erabilerarako jarraibideak dituztela, baita CE marka ere.
  • Bideojoko egokiak erosi. Bideojokoetan arretaz begiratu behar da PEGI Kodearen(Pan European Game Information) piktogramen esanahia. Logo horiek jokoa erabiltzeko gomendatzen den gutxieneko adinari eta edukiari buruzko informazioa biltzen dute.
  • Apaingarriak zaindu. Gabonetako apaingarrien segurtasunari erreparatu behar zaio. Argizko girlandak erabiltzen badira, ziurtatu egin behar da konexioak egoera onean daudela.
  • Itzulketak. Saltokiko itzulketa-politikari buruzko informazioa izan behar dugu: itzulketak onartzen ote dituzten, zer epetan eta zer baldintzatan. Erosketaren tiketa edo faktura eskatu eta gorde behar da, produktua itzultzeko, erreklamazio bat aurkezteko edo bermearen onurak jasotzeko behar baita. Komeni da publizitate esku orriak gordetzea, publizitatea loteslea baita hainbat erreklamazio egiteko. Gatazkaren bat sortuz gero, erreklamazio-orri bat eskatu behar da saltokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!