Europarlamentarioen bisita Tolosaldera

Ataria 2023ko abenduaren 5a

Argazkia: Le Télégramme/Nathalie Com

Ostegunean Elkar Fundazioa, Tolosaldea Garatzen eta Fagus-Alkiza interpretazio-zentroa bisitatuko dituzte Berdeak-ALE taldeko François Alfonsi eurodiputatu korsikarrak eta Lydie Massard eurodiputatu bretainiarrak.

Europako Parlamentuko Berdeak-ALE talde parlamentarioko François Alfonsi diputatu korsikarra, Lydie Massard diputatu bretainiarra eta beren lantaldeak Euskal Herrira etorriko dira abenduaren 6tik 9ra gure herriko kulturgintzan eta ekonomiaren alorrean garatzen ari diren proiektu eredugarriak ezagutzeko helburuarekin. Helburu nagusia Durangoko Azoka ezagutzea izanik ere, beren nazioen kultura eta ekonomia garapena indartzeko etsenplu izan daitezkeen beste proiektu batzuen berri ere jaso nahi dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara egingo duten bisitan, Olga Perez Vitoria tolosarra, Berdeak-ALE taldeko hezkuntza eta kultura aholkularia izango da gidaria. 

Abenduaren 7an, Tolosaldera etorrita, Elkar Fundazioa, Tolosaldea Garatzen eta Fagus-Alkiza interpretazio-zentroa bisitatuko dituzte.

Lehen urrats gisa, Adunako Elkar Fundazioaren egoitzan fundazioaren presidente Jose Mari Sorsekin eta bere ekipoarekin juntatuko dira kultura industrien alorreko enpresa lider baten arrakastaren gakoen berri izateko. Ondoren, Apattaerrekako poligonoan Tolosaldea Garatzeneko presidente Andu Martinez de Retuertorekin eta gerente Jose Luis Urdangarinekin izango dira agentziak Tolosaldearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko egiten dituen lanak ezagutzeko.

Tolosaldeko azken bisita Alkizako Fagus-Alkiza interpretazio zentrora egingo dute. Bertan herriko alkate Inaki Irazabalbeitiak zentro hori ardatz gisa hartuta natura etaturismoaren alorrean Alkizan garatzen ari diren proiektua esplikatuko die.

Tolosaldeko bisitak bukatuta, europarlamentariak Usurbilera abiatuko dira Elhuyar Fundazioa ezagutzera.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!