Tanto batengatik irabazi dio Jakak Peña II.ari binakakoan

Ataria 2023ko abenduaren 4a

Argazkia: Baiko Pilota

Jakak eta Mariezkurrena II.ak bigarren puntua lortu dute Binakako Pilota Txapelketan, eta Peña II.a eta Albisu bakarrarekin geratu dira.

Binakako Pilota Txapelketaren bigarren jardunaldiko partidak jokatu dira asteburuan. Eskualdeko bi pilotarik elkarren aurka jokatu dute, Jakak eta Peña II.ak, eta lizartzarrarentzat izan da garaipena. Estua izan da garaipen hori, tanto bakar batengatik irabazi baitio Jaka-Mariezkurrena II bikoteak Peña II-Albisuri. Hori horrela, bigarren puntua lortu dute Jakak eta bere atzelariak eta bigarren postuan daude, lehenengoan dauden Elordi eta Rezustarekin garaipenetan berdinduta. Peña II.a eta Albisu puntu batekin geratu dira eta laugarren postuan daude.

Jokin Altuna oraindik ez dago jokatzeko, eta bere ordez Elezkano II.a aritu da berriro. Martijarekin batera 9-22 galdu dute Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka. Altuna III-Martija azken postuan daude, bi partidak galduta. Xabier Tolosak ere ez du bere partida irabazi bigarren jardunaldian; Ezkurdiarekin batera 22-11 galdu dute Elordi eta Rezustaren aurka. Ezkurdia-Tolosa bosgarren postuan daude, garaipen batekin.

Bigarren jardunaldiko partidarik ez du jokatu oraindik Iñaki Artolak. Asteazkenean jokatuko du, Imaz bere bikotekidearekin, Laso eta Arangurenen aurka. Partida hori Tolosako Beotibar frontoian jokatuko da, eta 17:00etan hasiko den jaialdiaren bigarren partida izango da. Laso lesionatuta egon da eta bere berragerpena egingo du Tolosako partidan.

Binakako Serie B Txapelketa

Tolosako Beotibar pilotalekuko asteazkeneko jaialdiaren lehen partidan jokatuko du Martxel Iztuetak. Atzelari tolosarra Agirrerekin ari da jokatzen txapelketa, eta bigarren jardunaldi horretan Larrazabal-Eskiroz bikoa izango dute aurkari. Lehen jardunaldiko partida irabazi zuten Agirre-Iztuetak.

Gorka Ugartemendia, berriz, sailkapeneko lehen postuan dago Zubizarreta III.a bikotekidearekin batera. Asteburuan Senar eta Morgaetxeberriari 22-20 irabazi zioten. Bi partidetatik biak irabazi ditu Zubizarreta III-Ugartemendia bikoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!